Afrikar kutsuko erritmo biziak eta hitz ausartak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 26a, 10:22

Ostiral arratsaldean kontzertua eman zuen Makulu Ken talde lasarteoriatarrak kultur etxean. Agertokira irten gabe luzaroan egon ondoren, herrian egin dute itzulera. Musikariek eurek bezain ondo pasarazi nahi izan zieten ikus-entzuleei, eta lortu zutela esan daiteke.

Batzuk oinutsik, Afrikako jantziak gogorarazten dituzten oihal koloretsuak soinean, eta ondo pasatzeko gogoz aritu ziren Makulu Ken taldeko bederatzi kideak. Doinu alaiak eta mezu erreibindikatiboak uztartzen dituzten betiko abestiak eta berriak tartekatu zituzten zuzenekoan. Eserita egonda ere, dantzan jarri zituzten ikusleetako batzuk berezko duten euskal afrobeat doinuekin.

Herrian aritzea berezia dela ere aitortu zuen abeslariak, are gehiago hilabetetan agertokira irten ez direnean. Etxean jo zuten eta hala sentitu direla zirudien, abesti artean izandako hizketaldietan. Bereziki, kableak estaltzeko esparatrapu zati bat eskatu, gitarrari soka puskatu ote zitzaion eztabaidatzen eta halakoetan aritu zirelako.