Salbuespen neurriekin amaitzeko eskatu dute Azken Ostirala ekimenean

Ekaina bukatzen ari da eta hilabetero bezala, Lasarte-Oriako Sarek Azken Ostirala ekimena gauzatu du gaur arratsaldean. Alderik izan da, ordea. San Pedro eliza ondotik irtenda Okendoraino joan beharrean, helmuga izan ohi den plazan batu baitira. Hori izan da berezitasun bakarra, aldarrikapenak mantendu baitituzte. 

Hiru preso lasarteoriatarrak gogoratzeko afixa bana eta 50 bat lagun bildu dira Izan Bidea zioen pankarta atzean. Hogei bat minutuz hartu dute plaza, ondoren, biribila osatu, eta Ixiar Arteagak irakurri du Sare eta Etxeraten idatzi bateratua.

Salbuespen-neurrien ondorioak gaitzetsi eta bertan behera uztea eskatu dute "bizikidetzan eta etorkizunean" kokatzeko erabakien alde eginez. 

208 presoetako 57 Euskal Herriko espetxeetan daude, gehienak, bigarren graduan; 128, berriz, periferiako kartzeletan, kasu batzuetan, 520 kilometrora, Aranjuez eta Estremeran edo Salamancan. “Premiaz hurbildu behar dituzte Euskal Herriko espetxeetara, lekua dagoelako, Iruñean eta Zaballan libre dauden moduluak daudelako, haien eskubidea eta beraien familiakoena delako”. 

Neurriok indarrean daramatzaten hiru hamarkadetan "zuzenean edo zeharka" eragindako heriotzak ere salatu dituzte: 16 senide edota hurbileko, 35 preso azken sei hamarkadetan, eta kartzela saihesteko beraien buruaz beste egin zuten bi pertsona.

Halaber, adierazi dutenez,  "berehala" aske utzi beharko lituzkete gaixo larri eta sendaezinak diren 19 preso eta 65 urtetik gorako 20; baita 33 erbesteratu eta zortzi deportaturi itzultzeko erraztasunak eman ere. Ildo beretik, hirugarren gradua eta kalera ateratzeko baimenak ere aldarrikatu dituzte. Aurten kondenaren hiru laurden bete dituzten presoak 60 izango dira, “espetxetik ateratzeko eskubidea dute”, eta euskal preso politikoen kopuru handi batek hirugarren graduan egoteko baldintzak betetzen ditu.

Beste behin, aipatutako lortzeko lanean jarraitzea besterik ez dutela gogoratu dute. Hala, herritarrei dei egin diete mobilizazio ekimen guztietan parte har dezaten: Ibilian ibilian ekimenaren barruko tokian tokiko mobilizazioak, Bake Bideak eta Bakearen Artisauek uztailaren 10ean egingo duten ibilaldia eta manifestazioa, Izan bidea bizikleta martxa uztailaren 22tik 24ra bitartean, abuztuaren 1eko hondartzetako mobilizazioa eta hiriburuetako mobilizazioak.