Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.728 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.
Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan zortzi positibo erregistratu dituzte ostegunean, hiruna, Usurbilen eta Lasarte-Orian eta bi Hernanin. Eskualdeko beste hiru udalerrietan, aldiz, ez dute kutsatu berririk gehitu. Eremu berdetik horira pasatu da Usurbil eta bertan jarraitzen dute Urnietak, Astigarragak eta Lasarte-Oriak. Hernani gero eta gertuago badago ere, eremu berdean mantendu da, gero eta tasa baxuagoa duen Andoainekin batera.
Euskal Autonomia Erkidegoan atzo burututako 5.312 proba diagnostikoetako 217 positiboak izan ziren, hala, positibo tasa %4,1 da. Kutsatu berrietako 89 Gipuzkoan erregistratu dituzte, 77, berriz, Bizkaian; eta 32, Araban. Gainerako bederatziak beste erkidego edo tokietakoak dira. EAEko intzidentzia-tasa metatua 105,56 da.
Ospitaleen egoerai dagokienez, koronabirusak eragindako 24 pertsona ospitaleratu zituzten ostegunean. Horiek batuta, Osakidetzako erietxeetan 65 gaixo daude, haietako 34, ZIUetan.