San Pedro Jaietako eragileak

Aterpea: "Gaur eguneko egoera kontutan hartuta, erantzukizunez jokatzeko unea da"

Nerea Eizagirre 2021eko ekainaren 29a

Aterpea elkarteko kideak sardin-jana banatzen.

Urte zaila izan dute herriko komertzio eta ostalariek. Orokorrean egoerak hobera egin du eta neurriak malgutu dira "denon artean, erakunde eta herritarrak, egoera hau gainditzen ari gara", baina herriko elkarteak azpimarratu duenez, "herriko dendetan salmentak gutxitu dira. Jendeak orain arte egin ezin ziren gauzak egiteko beharra dauka, esate baterako, jatetxeetara joan, oporrak prestatu, asteburuko joan-etorriak, eta abar". Horri aurre egiteko ekimen ugari antolatu dituzte urtean zehar. Egun berezi hauetan, Aterpeako bazkideek euren dendak eta tabernak alaituko dituzte. Sardin-jana, ordea, ezingo dute gauzatu

Aurten ere ez da San Pedro Jairik egongo. Ekintza kulturalak izango dira ekaina eta uztailean zehar, harritu al zaituztete udalaren erabakiak?

Erabakia ulertzen dugu. Gaur eguneko egoera kontutan hartuta, erantzukizunez jokatzeko unea da.

Aterpeak, ohikoa denez, komertzioak apaindu eta sardina-jana prestatzen du. Zein asmo duzue aurten?

Establezimenduko erakusleiho guztiak apaintzea gustatuko litzaiguke. Anima zaitezte! Jendearen gogoa indartzeko eta herriari festa giroa ematen laguntzeko modu bat da.

Eta datorren urtean sardin-jana merezi duen bezala ospatzea espero dugu!

Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei bigarren sanpedro berezietan?

Lasarteoriatar guztiei erantzukizunez eta ahal den neurrian sanpedro berezi hauek ahalik eta hobekien ospatzea opa diegu. Gora San Pedro Jaiak eta Gora Lasarte-Oria!