Herria ostadarraren koloreekin koloreztatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 25a, 17:00

Lasarte-Oriako Udalak, ekainaren 28ko Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginik, Euskotrenetik Mirentxura igotzeko eskailerak koloreztatu ditu, "Aniztasunerantz eskalatzen" lelopean. Horrekin batera, datorren asteazkeneko, ekainaren 30eko azokan, ostadarraren koloreak dituen telazko poltsak banatuko dituztela iragarri du, eta ostadarraren koloreko bandera ere eskegi dute udaletxeko balkoian 

Ekintza horien bitartez, Harrotasunaren Nazioarteko Egunarekin bat egiteaz gain, lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideak aldarrikatu eta LGTBI+ kolektiboari ikusgarritasuna ematea dute helburu. Gogorarazi dute ezin dela sexu biologikoagatik, orientazio sexual-afektiboagatik, sexu-identitateagatik edo genero-rolagatik inor diskriminatu.

Gehituren manifestuarekin bat

Ostiral goizean, ezohiko udalbatzarra egin dute udal korporazioko kideek, eta beste zenbait gairen artean, Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen elkartearen "LGTBI harrotasunaren nazioarteko eguna, ekainaren 28koa" manifestua onartu dute, aho batez. Besteak beste, "lege integral bat onartzea" eskatzen dio elkarteak Eusko Legebiltzarrari, besteak beste "berdintasun sozialerako eta osotasun fisiko eta moralerako oinarrizko eskubideak" bermatzeko.

Hau da Gehitu elkartearen manifestua: 

GEHITU E28ko MANIFESTUA

Ekainaren 28ko LGBTI harrotasunaren nazioarteko egunean, lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualek, bai eta giza eskubideen defendatzaile diren pertsonek ere, gure eskubideen aitorpenean lortutako aurrerapausoak ospatzen ditugu. Horrez gain, erabateko berdintasunean bizitzeko aldarrikapena egiten jarraitzen dugu. Eta egun honen harira, Gehituk, Euskadiko LGBTI pertsonen elkarteak honako hau adierazten du: 

1.- Euskal erakundeek, bai eta gizartearen gehiengoak ere, LGBTI pertsonen duintasunerako eskubidea onartu badute ere, oraindik mekanismo eraginkorrak ezartzea falta da eskubide horiek bermatzeko eta, bereziki, homofobia desagerrarazteko. Basauriko gazte batek hilabete honetan jasan duen eraso homofoboa horren adibide garbia da. 

Horregatik, premiazkoa da Eusko Legebiltzarrak lege integral bat onartzea, besteak beste, berdintasun sozialerako eta osotasun fisiko eta moralerako oinarrizko eskubideak bermatzeko. Lgbtifobia elikatzen duten jarrerei aurre egiteko, ezinbestekoa da  sexu-joeren eta genero-identitateen errespetuaren alde lan egitea gizarteko esparru guztietan, bereziki, hezkuntza-eremuan, baina baita bizitzako beste eremu batzuetan ere, adibidez lanean eta adineko pertsonen eta migratzaileen lan esparruan. 

2.- Legeek oraindik ez dituzte behar bezala aitortzen transexualen berdintasunerako eta nortasunaren garapen askerako oinarrizko eskubideak. Horretarako, ezinbestekoa da trans pertsonei buruzko estatu-lege bat onartzea. Lege horrek transexualitatea behin betiko despatologizatu behar du  eta Estatuko legeetan egokiak diren aldaketak egin behar ditu. Adibidez, Erregistro Zibila arautzen duen legeak, nortasunaren garapen askerako konstituzio-eskubidea bermatu beharko luke. 

3.- ILGAren, Amnistia Internazionalaren edo Human Rights Watch-en urteko txostenek LGBTI pertsonek mundu mailan dituzten eskubideen egoera tamalgarria erakusten dute. Dozenaka herrialdetan, lesbiana, gay edo transexual izatea delitua da oraindik ere, heriotza-zigorrarekin zigortzen da, eta gorroto eta baztertze maila jasanezinak dira. Europako zenbait herrialdetan ere gertatzen da hori guztia. Horregatik, nazioarteko lankidetza eta Europar Batasunaren, Europako Kontseiluaren eta Nazio Batuen inplikazio handiagoa behar-beharrezkoak dira.

4- Covid 19 birusaren pandemiak beste pandemia bat agerian utzi du: HIESarena. 80ko hamarkadaren hasieran piztu zen arren, oraindik ez dago birus horri aurre egiteko txertorik. Gaur egungo testuinguruan HIESaren pandemiari aurre egiteko, beharrezkoa da politika publikoak indartzea,   GIBa duten pertsonei behar duten arreta ematea, haien aurkako diskriminazioa saihestea, eta prebentzio-arloan behar adina baliabide eskaintzea. Era berean, baliabide gehiago erabili behar dira planetako herrialde pobreetan GIB birusaren, estigmaren eta birusa duten pertsonen aurkako diskriminazioa iraultzeko.

Hori guztia kontuan hartuta, Gehituk euskal erakunde guztiei eskatzen die ekainaren 28ko adierazpen instituzionala onar dezatela, idatzi honetan egindako aldarrikapenak jaso eta horiek eraginkortasunez betetzeko beharrezkoak diren politika publikoak indartzeko edo martxan jartzeko.  

Horrez gain, Gehituk herritarrei eskatzen die sexu- identitateen eta genero-adierazpenen aniztasuna errespetatzeko konpromisoa areagotu dezatela,  benetako berdintasunean bizitzeko eskubidea babestuz eta LGBTI+ pertsonen kontrako diskriminazio edo indarkeria adierazpenak baztertuz. Horren adibide, Basaurin ekainean izandako eraso homofoboaren aurrean herritarrek eskainitako babesa eta gertaeraren gaitzespen irmoa  hunkigarria eta txalogarria izan da.