Mikel Bermejo umoristak (Lasarte-Oria, 1991) herrian eskainiko du emanaldia, Manuel Lekuona kultur etxean. Hitzordua ekainaren 28an izango da, astelehenez, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. Ahí va la hostia izeneko ikuskizunarekin, barrez leherrarazi nahi ditu ikus-entzuleak.
Madriletik Lasarte-Oriara etorriko zara ekainaren 28an, jaioterrira, emanaldia eskaintzera. Gogotsu?
Bai, oso gogotsu. Aspaldiko partez, J.J. Vaquerorekin batera eskainiko dut emanaldia. 2018ko maiatzaren 9an aritu ginen azkeneko aldiz.
Biak batera ariko zarete kultur etxean ala bakoitzak bere ikuskizuna ekarriko du herrira?
Bakoitzak berea. Oraindik ez dugu hitz egin, baina, biok bukatu eta gero, baliteke elkarrekin aritzea tarte batez, ikus-entzuleekin zerbait inprobisatuko dugu agian... Egunean bertan erabakiko dugu.
Zer ikuskizun taularatuko duzu?
Nire ikuskizunak Ahí va la hostia izena du; 2020an sortu nuen, COVID-19aren pandemiagatik etxean konfinatuta egon behar izan genuenean. Iazko martxoan lanik gabe geratu nintzen, lotuta nituen ikuskizun guztiak bertan behera geratu ziren... Nire buruari esan nion, 'Mikel, itxialdia amaitzen denean hobe duzu emanaldiak lotzea diru-sarrerak izateko', eta saio berri bat sortzea erabaki nuen.
Ikuskizunean kontatzen ditudan pasadizo ugari errealak dira, niri gertatu zaizkit: liskarrak Gizarte Segurantzarekin eta DGT trafiko zuzendaritzarekin, pisukideekin izandako anekdotak, duela hilabete batzuk egindako tatuajea... Horiek gogoratzen ditudanean, "Ahí va la hostia!" izaten da erreakzioa; emanaldiari izen hori jartzea erabaki nuen.
Zer nolako harrera izan du?
Madrilen eskaini ditut emanaldiak, eta ikus-entzuleen erantzunak oso onak izan dira. Zorionez, iritzi oso positiboak jaso ditut orain arte; bakarrizketak egin ditudan antzokiko ikuskizun baloratuena da nirea: 10etik 9,7 puntu.
Zure ikuskizun berria Euskal Herrian erakutsi duzu?
Orain arte, ez; lehenengoa ekainaren 28koa izango da, Lasarte-Orian, eta kultur etxean. Egia da Ahí va la hostiako zatiren bat erabili dudala emanaldi batzuetan. Adibidez, iazko martxoan herriko Bronx tabernan aritu nintzen eta txiste berri batzuk probatu nituen bertan.
Ikus-entzuleak gozatzen eta barrez ari diren antzematea zailagoa da orain? Maskarak, distantzia...
Dagoeneko ohitu naiz, baina, 2020ko ekainean, berriz ere emanaldiak eskaintzen hasi nintzenean, ez nekien nola aurre egin egoerari; jendearen irribarrea ez duzulako ikusten, maskarak daramatzatenez gutxiago entzuten dira algarak, aurpegi osoa ezin diezu ikusi... Ez dakizu saioa gustatzen ari zaien ala ez, gaizki ari zaren ala ondo... Hilabete zailak izan ziren, baina lasaitzen nintzen emanaldiak amaitu eta gero, jendearen iritzi onak entzutean.
Nola eragin du COVID-19ak zure jardunean? Nola doa 2021. urtea?
Zorteduna naiz, ekoiztetxe batean lan egiten dudalako eta saioak eskaintzen ditudalako; baina oraindik aforoak murriztuta daude, eta normal kobratu ahal izateko emanaldi gehiago egin behar ditut. Oraindik ere ikuskizunen bat bertan behera utzi didate, aritu baino egun pare bat lehenago, beste bati ezetz esan ostean, baina, 2020an baino gehiago mugitzen ari naiz.