Aurten ere ez da San Pedro Jairik egongo. Ekintza kulturalak izango dira ekaina eta uztailean zehar, harritu al zaituzte udalaren erabakiak?
Nahiz eta txertaketa kanpainak aurrera egin duen, kutsatzeko aukerak daude oraindik. Zuhurtziaz jokatu behar da eta jende pilaketak saihestu behar ditugu.
Datorren urtean herriko jaiak eta beste batzuk berriro ere ospatuko direla espero dugu, baita kontzertuak eskaini ahalko ditugula ere.
Kontzertuak aipatu dituzuela, San Pedro Jaietako aurrekari den kontzerturik ezin izan duzue antolatu...
Nahiz eta ikasturte hasieratik COVID-19aren aurkako protokolo zorrotza genuen entseguak egiteko, azaroan jarduera presentziala eten behar izan genuen. Urte zaila izan da zentzu askotan, momento batzuetan zuhurtzi handiaz jokatu behar zela argi dugu, baina erakundeek ahaztu gintuztelaren sentsazioa ere izan dugu. Azkenean, maiatzan, berriro, elkartu ahal izan gara Euskal Herriko abesbatzen federazioak berrikusitako protokoloarekin eta Lasarte-Oriako elizaren borondate onari esker. Entseatzeko denbora askorik izan ez dugunez, ezin izan dugu kontzerturik egin.
San Joan bezperako suan edo jaietan ere ezingo duzue parte hartu...
Pena bat da San Joan suaren inguruan edo San Pedroko meza nagusian ezin abestu izana. Bi ekimenak ohitura handikoak dira gure herrian eta bien falta sentitzen dugu.
Hala ere, beste formatu batean iritsi zarete herritarrengana, bideoak. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Abesbatza martxan mantentzeko modua izan da bideoena. Lanak ikasi eta berrikusteko modua izan da. Bi egin ditugu, bata gabonetan eta bestea argitaratu berri dugu gure sare sozialetan.
Bideoa horien bitartez jardunean mantendu gara eta abesbatzako kiden motibazioa ere mantendu dugu. Baina ordu askotako lana da.
Ez da erraza, ez baikaude bakarka abestera ohituta. Baina ariketa ona da bakoitzaren trebeziak landu eta hobetzeko.
Nolako da bideo bat egitearen prozesua?
Lehenik abesbatzako kideentzako gida bideoak prestatzen dira. Hori oinarri hartuta, entzungailuak jantzita, abeslariek euren burua grabatu behar dute, bideoko erritmoa eta tonoa mantenduz.
Bideo guztiak izatean, irudi eta soinu edizioaren pausoa dator. Ahotsak entzun eta bata bestearekin bat egiten saiatzen da, bolumena berdindu eta egon daitezkeen soinu arraroak kentzen dira. Irudia pixkanaka bideoekin jolasten osatzen da.
Eta azken pausoa internetara igotzea da. Gure azken bideoa ekainaren 17an argitaratu genuen youtube eta Alboka Abesbatzaren sare sozialetan eta webgunean, Ken Zazpiren Itsasoa Gara abestiaren bertsioa da.
Lerro hauen bitartez, eskerrak eman nahi dizkiogu gure zuzendari Montse Latorreri bere sormenarengatik eta egiten duen lanarengatik.
Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei bigarren sanpedro berezietan?
Esperantza eta segurtasun mezua helarazi nahi dugu. Pandemia egoera onera egiten ari da. Egoera hori aurre egin eta laster amaiera emateko zuhurtziaz jokatzen jarraitzera animatu nahi ditugu. Era horretara, gure jaiak eta ekintza sozio-kulturalak berreskuratu ahalko baititugu.