San Pedro Jaietako eragileak

LOZET: "Jarduerak egiteko irrikitan gaude"

Nerea Eizagirre 2021ko eka. 25a, 11:00
Aurten ere zezensuzkoak geldirik egongo dira.

Lasarte-Oriako erraldoiak, buruhandiak eta zezen-suzkoak bigarren urtez geldirik egongo dira Blas de Lezoko lokalean. 2020ko martxotik LOZETeko kideek euren jarduna etenda dute, eta "jaiak berriro ere antolatzen diren momentuaren zain" daude

Urtebete igaro da azken San Pedro Jaietatik. Zein irakusketa egiten duzue?

Arraroa izan da. 2021. urtean jarduerari berrekingo genuola pentsatzen genuen. Baina ezin izan dugu ezer egin. Planak bertan behera geratu dira, bai herrikoak, baita beste herrietako erraldoien bilkurak eta berregite historikoak ere. Guztiak berdin gaude.

Herriko beste erakunde eta elkarteekin batera ostalaritza babesten duen ekimenean parte hartu genuen, baina besterik ez.

Zein egoeratan dago elkartea gaur egun?

Jaiak berriro antolatzen hasten direnen momentuaren zain gaude. Murrizketarik gabeko urte batean erraldoiak gainbegiratu, balsak eta dantza berriak entseatzen, zezenak prestatzen …egongo ginake. Baina beste urtebete itxaron beharko dugu.

Ezingo duzue egun berezi hauetan kalera atera, baina beste ekintzarik pentsatu al duzue?

Pentsatu genuen. Baina erraldoiak geldi egotea haurrek argazkiak atera ahal izateko edo eurek gustuko dituzten jantziekin marraztea ez da dantzan ikustea bezain dibertigarria. Zezen suzkoaren edo buruhandien aurrean korrika egitea gustuko dute. Hori gaur egun zaila da.

Aurten urteurrena egingo duen herriko elkarte batekin hitz egin genuen elkarlan bat egiteko, iaz ere beste elkartea batzuekin jarri ginen harremanetan, baina guztiak gaude egoera berean eta zaila da jendea pilatuko duen ekimenak antolatzea; antzoki batean edo aulkiak jarrita errazagoa da. Gure kasuan zaila da jendeak distantziak mantentzea.

Zure jarduera laster berrekingo duzuela espero al duzue?

Nahiko genuke. Zain gaude, jarduerak egiteko irrikitan gaude. Gure jarduera jaiei oso lotua dago eta jairik gabe bere xarma galtzen du. Erraldoiak eramatea ahalegin fisiko handia da, erraldoi eramaleak txandakatzen doaz eta oso zaila da egun dauden neurriak mantentzea.

Beraz, egoerak hobera egin eta neurriak lasaitzearen zain gaude. Ahal izan bezain pronto, ez dudarik izan kalean izango garela heritarrei eta kanpotarrei gozarazteko.

Donostian abuztuaren 31n egiten den berregite historikoan ere parte hartzen duzue. Iaz egitaraua moldatu zen eta aurten ere moldatuko da ezta?

Iaz herritar zibilen ohorezko lore eskaintza egin zen. Abuztuan, Donostiako setioa eta suntsitzea oinarri zuen erakusketa bat egin zen. Konpletoa zen. Garaiko mapa eta planoak, maketak, 1813. urteko Donostiako 3D irudiak, uniformeen kopiak, baita urte hauetan guztietan berreskuratu diren garaiko txanponak, lehergailuak, balak eta bestelako materiala. 

Aurten ere bi ekimen hauek aurrera eramateko asmoa dago eta beste ekintza ugari antolatu nahi dira. Baina egitarauari baiezkoa emateko azken hitza LABIk eta Donostiako Udalak du, beraz ikusi beharko da zer egin ahalko den.

Zein mezu bidali nahi diezue herritarrei bigarren sanpedro berezietan?

Pazientzia, gero eta gutxiago geratzen da jai giroa berreskuratzeko. Gu guztiok bezala jaietaz gozatu nahi dugu, baina gaur egun edozein neurrigabekeriak atzera joatea izango litzateke eta murrizketetara itzultzea. Gozatu ahal duzuen guztia, baina zuhurtziaz. Behar bezalako jaiak ospatzeko gero eta gutxiago falta dira. Gora San Pedro Jaiak!!

Erlazionatuak