Gaurko zenbakia, 32 orriko berezia

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 25a

Ekain amaierara iritsi gara, eta egoera "normal" batean, San Pedro Jai ezin koloretsuago batzuen atarian egongo ginateke. Tamalez, ez da horrela izango, COVID-19ak eragindako egoera tarteko. Edonola ere, eragileek antolatu dituzte zenbait ekintza datozen egunetarako. Ezohikotasun honetan, TXINTXARRI aldizkariko lantaldeak festen aurreko zenbaki berezia argitaratzea erabaki du, 32 orrikoa.

Lasarte-Oriako Udalarekin 41 zenbaki ditu hitzartuta txintxarri aldizkariak 2020-2021 ikasturterako: arruntak dira 38, eta bereziak beste hiruak. Arruntak eta bereziak  terminoak arrazoi honengatik erabiltzen ditugu: hamasei orrikoak dira lehenengoak, normalak, ohikoak; besteak, aldiz, 32koak izaten dira, eta garai espezialetan egiten ditugu: adibidez, San Pedro Jaietan eta Eguberrietan.

Gure zoritxarrerako, herriko jaien bueltan publikatzen ditugun agerkari berezi horiek bigarren esanahi bat hartu dute 2020an eta 2021ean: bereziak, 32 orrikoak direlako, eta bereziak, edo ezohikoak nahi bada, iazko zein aurtengo San Pedro Jaiak horrelakoak izan eta izango direlako, COVID-19ak eragindako krisia tarteko. Tamalez, ohi baino programa murritzagoak irakurriko dituzue datozen orrialdeetan: Lasarte-Oriako Udalak ekainerako eta uztailerako kultur ekitaldi ugari antolatu ditu "herria dinamizatzeko" asmoz, baina ez du festetako programa ofizialik prestatu; herriko jai alternatiboak antolatzen dituen eragileak, Sorgin Jaiakek, "Lasarte-Oria koloreztatzeko" egitasmoak iragarri ditu, baina, halabeharrez, egitaraua murriztu behar izan du; eta azkenik, Ttakun Kultur Elkarteak hauspotuko du euskal kultura egun hauetan, baina ez nahi bezainbeste.

Testuinguru horretan, txintxarri aldizkariko lantaldeak jaien aurreko zenbaki berezia argitaratzeko apustua egin du aurten ere, esku artean dituzuen 32 orriak betetzea erraza izan ez den arren. Lantaldekoentzat, hau izan da unerik gogorrenetako bat: azalean egin dugun argazki-bilduma prestatzeko artxiboa arakatzea, urtez urte, eta San Pedro Jaietan zein Sorgin Jaietan bizitakoa gogoratu ahala, festa gogoak baretzea. Kontraesankorra dirudien arren, irakurle, gure asmoa ez da zuregan sentsazio hori bera piztea, "normalak" izan ziren festa horietako zenbait une erakustea baizik; bi ezohiko urte hauetan bizitakoak ez dezan aurreko guztia lausotu. Beste urtebete itxaron beharko dugu gutxienez; espero dezagun azkena izatea, eta 2022an argitaratuko dugun aldizkari bereziak bigarren esanahi hori galtzea.

Ez genuke hitzaurre hau amaitu nahi egun hauetarako ekintzak antolatu dituzten eragile eta erakundeen ahalegina goraipatu gabe, haiei esker aterako baikara kalera egun hauetan, kamerak eskuetan, 2021eko ezohiko ekain amaieran gertatzen dena kontatzera. Horrekin batera, lantaldeko kideok eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu orri hauei kolore gehiago eman dieten iragarkiak kontratatu dituzuen bezerooi; egoera berezi honetan argitaratutako aldizkari honen berezitasuna mantentzen lagundu diguzue, zentzu onean. Ez da gutxi.