Lasarte-Oriako Makulu Ken musika taldeak kontzertua eskainiko du gaur, Manuel Lekuona kultur etxean. Pandemia garai hauei erritmo bizi eta alaia jarriko diete euren Euskal Afrobeat doinuekin. Kontzertuaren eta beste zenbait konturen inguruan hitz egin dugu hainbat taldekiderekin. Kontatu dute duela hamalau urte, 2007. urtean eman zutela lehen kontzertua Jalgi Kafe Antzokian. Lehen doinuak sortzen, ordea, urtebete lehenago hasi ziren.
Iñigo Suberbiola perkusio jotzailea eta Xabi Herrera hasi ziren taldeari forma eman nahian: "Garaje batean elkartzen ginen, eta pixkanaka taldekide berrien bila hasi ginen". Horrela, batu ziren taldera bateria jotzailea, korista emakumeak, eta saxofoi eta tronpeta jotzaileak, eta kide horietako batzuk taldea utzi duten arren, beste batzuek elkarrekin jarraitzen dute, oholtza gainean. Bederatzi musikarik osatzen dute, gaur gaurkoz, Makulu Ken: Xabier Herrera gitarra-jotzaile eta abeslariak, Eider Ormazabal abeslariak, Bea Hurtado teklistak, Iñigo Suberbiola perkusio-jotzaileak, Unai de Andres baxu- jotzaileak, Nagore Etxabe bateria-jotzailea, Pau Torres saxofoi-jotzailea, Ixak Oiartzabal saxofoi tenor jotzailea eta Julen Rodriguez tronpeta-jotzailea. Kontzertuak dituzten leku guztietara eurekin joaten den Iñigo Egia teknikoa ere ez dute aipatu gabe utzi nahi izan.
Horiek guztiak ez dira lasarteoriatarrak, ordea. Badira herritarrak izanik herritik kanpo bizi direnak, baita ere Lasarte-Orian jaioak izan gabe bertan bizi direnak, eta badira. baita ere, herrian jaio eta herrian bertan bizi direnak.
Nigerian 70. hamarkadan sortutako Afrobeat doinuekin osatzen dituzte euren abestiak. Doinu alaiak, biziak eta erritmikoekin egiten dute Euskal Afrobeata egiten dute.
Eta doinu alaiak baliatzen dituzte mezu eta letra "erreibindikatiboak" egiteko: "Jatorriz salaketarako erabiltzen zen afrobeata. Fela Kuti izeneko Nigeriako musikari batek sortu zuen, eta, esaten dutenez, Nelson Mandelaren ostean, bera izan zen Afrikako beste iraultzaileetako bat. Gu ez gara hain erradikalak, baina gure abestietako letrek badute kexatik, baziletik".
Makuluak kentzeko nahia
Taldeari izena ematen dion hitz jokoa "Euskara indioa" dela azaldu dute taldekideek. Euskaraz idatzita badago ere, taldeak Afrikarekiko duen eragina dela-eta, sonoritate afrikarra eman nahi izan diote. Eta zentzua, figuratiboa: "Makuluak kentzea esan nahi du, baina makulu mentalak". Azaldu dute, makuluen ideiak ekarri duela malefiziorik taldera ere: "Taldeko ia denok erabili ditugu makuluak; azkena, bateria-jotzaileak. Kontzerturen batera ere joan izan gara makuluekin".
Orain gutxira arte, beste musikarien abestien bertsioak egiteari uko egin diotela jakinarazi dute, nahiz eta, azken aldian, eta, besteak beste COVID-19ak eragindako itxialdien ondorioz bertsio batzuk egin dituzten; hala nola, Mikel Laborean Bi kate abestiarena.
Koronabirusaren eraginak
Disko berria grabatzen ari zirela bete betean harrapatu zuen musika taldea COVID-19ak. Lanketa hori bere horretan geratu, eta bi abesti soilik grabatzera iritsi ziren.
Hitzartuta zituzten kontzertu batzuk ere bertan behera geratu zitzaizkien, nahiz eta utzi zizkietenak jo ahal izan zituzten.
Herriko emanaldirako gogoz
"Gogoz eta urduritasun puntu batekin" daude gaurko emanaldirako. Aitortu dute "pena" apur bat ematen diela emanaldia kalean baino, antzoki batean eskaini behar izateak: "Kalean, aire zabalean jotzera ohituak gaude. Gure musika dantzatzeko da, eta gure publikoa ere ohituta dago saltsan aritzera". Zentzu horretan, lehen aldia izango da antzoki batean eserita dagoen ikus-entzule baten aurrean joko dutena, baina ziur daude bertaratzen direnekin batera gozatuko dutela: "Herrian jotzea polita da".
Aurreratu dute "kriston kontzertua" eskainiko dietela bertaratzen direnei. Betiko abestiak tartekatuko dituzten arren, kontzertu gehiena abesti berriekin osatuko dutela, eta sorpresaren bat edo beste ere izango dela iragarri dute, eta dei egin diete herritarrei hitzordura gerturatu eta kontzertuaz gozatzera joan daitezen.
Sarrera kobratzearen aurka
Desadostasuna agertu dute udalak euren kontzertura joan nahi dutenei sarrera kobratzearen erabakiarekin. Taldekideek uste dute udalak, sanpedroen harira antolatu duen ekintza bat izaki, aurrekontu bat baduela kultur ekintzetara bideratzeko: "Guri ez digute sarrera horietatik eskuratutako dirutik ezer ordainduko, hortaz ez gaude ados horrekin. Inork ez zigun jakinarazi sarrera kobratu egingo zutenik".