Klima eta Energia Plana egin aurretik, herritarrekin "saio irekia"

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 24a

Udalak Klima eta energia planaren (KEP) parte-hartze prozesuaren hurrengo fasea aurkeztu du, asteazken goizean. Herritarrekin batera "saio ireki bat" egingo dute, ekainaren 30ean, Manuel Lekuonako hitzaldi aretoan

Lasarte-Oriako Udala lanean ari da Klima eta Energia Plan bat egiteko, 2030erako berotegi-efektuko gasen emisioak % 40 murrizteko eta udalerria klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko. Lanketa horretan herritarren parte-hartzea bermatu nahi dute, eta datorren ekainaren 30ean egingo duten saio irekia aurkeztu dute Agustín Valdivia alkateak, Nagore Durán Herritarren Partaidetzarako zinegotziak eta Itziar Gurrutxaga Ingurumeneko teknikariak.  Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan izango da saio hori, arratsaldeko 18:00etan.

Eredu energetikoaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz buruz hausnartzeko eta udalerriko klima-aldaketara egokitzeko. Ildo horretan, iraganari begira jarrita izan dugun eredu energetikoa aztertuko dute. Orainari dagokionean zer energia-eredu dugun, zer egin dezakegun, zer egiten ari garen klima-aldaketari aurre egiteko eta zer ekintza egiten ari garen aldaketa horretara egokitzeko. "Joera-eszenarioa" deritzona egingo dutela ere iragarri dute, klima-aldagai desberdinak aztertuz, eta mende amaierarako aurreikuspenak egingo dira, gutxi gorabehera klima nondik joango den ikusteko. Joera-sekuentzia hori kontuan hartuta, ikusiko da zer egin dezakegun, zer egin behar dugun etorkizunean gehiago arindu ahal izateko, energia berriztagarriak, batez ere energia-eraginkortasuna eta klima-aldaketara egokitzeko zer neurri har ditzakegun kontuan hartuta.

Neurri horiek guztiak, Europatik  oso bideratuta datoz "irtenbide naturalak" deitzen dituzten konponbideetara; hau da, hiri-eremuak aldatu egin beharko dira pairatzen ari garen klima-aldaketara egokitu ahal izateko.

Saioan eztabaidarako tarte bat ere irekiko da, guztion interesekoak izango diren galderekin, hala nola:

  • Zer neurri proposatuko zenituzke mugikortasunari eta garraioari lotutako CO2 isurketak murrizteko?
  • Nola murriztu liteke energia-kontsumoa etxeetan, bereziki egoera ahulenean daudenetan?
  • Zure ustez, udalerriko zer espazio zehatz berdetu edo birnaturalizatu daitezke? Itzal-espazio gehiago behar dira?

Horrekin guztiarekin, planaren diagnostikoa egingo da, eta diagnostikoa egindakoan, azken saio bat egingo da herritarrekin.

Egungo pandemia egoera dela eta, herritarrek partehartzea@lasarte-oria.eus helbidean izena eman beharko dute.