Luzera-jauzian eta jauzi hirukoitzeko probetan parte hartu zuen herritarrak.
Luzera-jauziko proba zirraragarria egin zuen Furundarenak, larunbatean.
Bigarren jauzitik argi geratu zen Grupoempleo Pamplona taldeko Laila Lacuey atletak urrezkoa lortuko zuela, 6 metroak gainditu baitzituen. Baina bigarren eta hirugarren postuak erabakitzeko zeuden.
Furundarena eta Catalunya taldeko Clara Gabaldon bigarren postuarengatik lehian egon ziren lehiaketa osoan zehar. Azken jauzian, gainera, Ezkerraldeko Aida Ruiz ere sartu zen borrokan.Bosgarren jauzian Gabaldonek 5,99 lortu zuen; seigarrenean, Ezkerraldeko Aida Ruizek 5,97.
Beraz, Furundarenak azken jauzian ahalegin guztiak egin behar zituen podiumean egoteko. Ongi egin gainera, 6,00 metrotara jauzia baitzen bere marka pertsonala onduz. Gabaldonek bere azken saiakeran ezin izan zuen marka hori gainditu.
Marka pertsonala eta dominaz gain, marka horrekin maila absolutuko Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortu zuen Lasarte-Oriako gazteak.
Igandean, berriz, jauzi hirukoitzeko proban hirugarren postuan egin zuen ia lehiaketa osoa herritarrak, 12,49 metroko jauziarekin.
Azken jauzian, ordea, Valencia Club Atletismoko Maria Gonzalez aurreratu ahal izan zuen Furundarenak. Lasarteoriatarrak 12,79 metroko jauzia egin zuen eta zilarrezko domina eskuratu zuen.
Marka horrekin herritarrak bere marka berrituko zuen; tamalez, markak ez du baliorik. "Haize gehiegi zegoen jauzia egin zuenean" azaldu du Oscar Goikoetxea atletismo saileko arduradunak.
Emaitzekin pozik
Ostadar Atletismo sailek kideek lehiaketako irakurketa ona egin dute. "Oso ondo lehiatu da eta bere onena atera du bi probetako azken jauzian".
Gainera, "BATekin Valladoliden lehiatu zenean min hartu zuen eskuineko orpoan eta oraindik ez da guztiz osatu. Beraz, meritua du bi domina horiek lortzea," nabarmendu du.
Horrez gain, denboraldian zehar egindako lanarekin ere "pozarren" daudela aipatu du.
Ez zen Furundarena 23 urtez azpiko txapelketan parte hartu zuen herritar bakarra izan, Nerea Eugik Atletico San Sebastian taldeko laukoan izan zen 4x100 m. errelebo proban.
Espainiako txapelketa
23 urtez azpiko txapelketa, Espainiako txapelketarako aurrekari izan da Furundarena herritarrarentzat. Asteburu honetan, Getafe, Madrilen izango da atleta gaztea eta ez da bakarrik izango. Bere taldekide Maider Rekondo ere bertan izango baita.
Lehen aldia da Ostadar Atletismo sailak maila honetako txapelketan bi atleta sailkatzen dituela. Furundarena jauzi hirukoitzeko lehian egongo da eta Rekondok, berriz, disko-jaurtiketa proban parte hartuko du.