Agatha Sancho herritarrak Oriarte BHI institutuan ikasten du, eta TXINTXARRI-ri kontatu dionez, idaztea ikaragarri gustuko du; "oso garrantzitsua" da alor hori bere bizitzan. Coca-Cola Narrazio Laburren lehiaketan parte hartzeko aukera galdu zuela uste zuen, DBH 2ko gazteak aritu daitezkeelako, eta berak iaz gainditu zuelako maila hori; COVID-19a tarteko, iazko edizioa bertan behera utzi behar izan zuten. "Etsigarria izan zen iazkoa; ez dut inoiz ahaztuko sentitu nuen poza, aurten parte hartu ahalko nuela jakin nuenean". Aurtengo lehiaketa digitala izan da, eta DBH 2. zein 3. mailako ikasleek idatzi dituzte kontakizunak, 800 hitzekoak gehienez. Sanchok jakinarazi duenez, epaimahaiak 13.683 lan jaso ditu.
Kontakizun guzti horietatik, bakar batek irabazi zezakeen Gipuzkoako lehen saria. Sanchoren zorionerako, bera izan da irabazlea; ekainaren 11n jakinarazi zioten. "Gala digitalean, nire izena esan zutenean, euforia ikaragarria sentitu nuen; une hori betirako grabatuta geratu da nire garunean". Gogoratu du "urduri" jarri zela idatzizko frogaren aurretik. "Lehiaketa hori pozaren eta urduritasunaren arteko nahasketa izan zen".
"Ez dut inoiz ahaztuko sentitu nuen poza, aurtengo lehiaketan parte hartu ahalko nuela jakin nuenean"
Beste esperientzia batzuk
Antzeko albiste pozgarriak jaso izan ditu Sanchok lehenago ere. Duela bi urte, esate baterako, Lasarte-Oriako Literatur Lehiaketa irabazi zuen, eta baita Murtziako Barrio del Carmen kontakizun txapelketa ere.
Coca-Cola lehiaketan parte hartu zezakeela jakin bezain laster, irakasleari esan zion. "Hori egin gabe, ez dizute lehiatzen uzten". Kontakizun laburrei buruzko konpetizio literarioa izanik, 800 hitz baino gutxiagoko istorioa kontatu behar zuen herritarrak. Bere sormen estimulua izan zen Alvaro izeneko nerabe bat deskribatzea.
DBHko bigarren maila egingo duen edozein gazteri gomendatzen dio lehiaketan parte hartzea: "Bizitza osorako oroitzapenak oparitzen dizkizu".