Eskola materiala erosteko diru laguntzak martxan jarri ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 22a, 14:35

Udalak 2021-2022 ikasturterako eskola-materiala erosteko diru-laguntzak martxan jarri ditu. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi-mailako Lanbide Heziketako ikasleei zuzenduta daude laguntza horiek, eta, jakinarazi dute 15.000 euro bideratuko dituztela horretara. Urtero bezala, aurten ere ezinbestekoa izango da erosketak Lasarte-Oriako dendetan egitea

Astearte goizean aurkeztu dituzte Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkateak eta Maite Iglesias Hezkuntza zinegotziak 2021-2022 ikasturte berrirako eskola materiala erosteko diru-laguntzak. Maite liburu dendan egin dute aurkezpena, bertako jabe Luis Sierra ondoan izan dutelarik. Jakinarazi dute 40.001 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiei zuzenduta daudela aipatu diru-laguntzak. 

Programaren helburua da eskola-adineko haurrak dituzten familiei laguntzea, COVID-19ak eragindako pandemia eta krisi garai hauetan. Horrez gain, nola ez, eskolako materiala Lasarte-Oriako herriko dendetan eros dezaten sustatzea.

Diruz lagunduko den materiala izan daiteke idazmahaikoa, eskolako jarduerarako behar diren arropak, optometriako materiala, kirolerako materiala edo jarduera artistikoetarakoa. Aurten, "arrakala digital handia" dagoela frogatu dutenez, laguntzen barruan sartu dute, baita ere, material informatikoarekin erlazionatutakoa, testuliburuez gain: "Urrats berri bat da laguntza horiek baliagarriago egiteko".

Honako hauek dira ikasle eta familia-unitate bakoitzeko jaso daitezkeen diru-laguntzak:

  • 25.000 eurotik beherako diru-sarrerentzat: 110 euro
  • 25.001 eta 33.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat: 90 euro.
  • 33.001 eta 40.000 euro bitarteko diru-sarrerentzat: 50 euro.

Laguntza jasotzeko aukera izango dute lehen eta bigarren hezkuntzako derrigorrezko mailatan eskolatutako adingabeak dituzten familiek. Haurrak ez du zertan herriko ikastetxeren bateko ikasle izan; berdin da zein udalerritan eskolatua dagoen. Justifikatu ahal izango diren erosketak 2021ko uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean egindakoak izango dira, eta kontutan izan behar da baita ere, laguntza berarentzat eskatzen duen ikasleak eta haren eskatzaileak 2021ko urtarrilaren 1etik etenik gabe erroldaturik egon beharko dute.

Behin erosketak eginda, laguntza jaso ahal izateko, eskaerari erantsi beharko zaizkio herriko dendak emandako tiketen edo faktura sinplifikatuen jatorrizko tiketak, eta, tramitazioa on-line egiten bada, agiri horiek eskaneatuta eta elektronikoki behar bezala sinatuta erantsi beharko direla azpimarratu dute udal ordezkariek. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 1etik urriaren 1era artekoa izango da.