Barrea eragiteko bi modu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 20a, 10:30

Lasarte-Oriako Udalak datorren asteetarako antolatu dituen bakarrizketa saioetako lehena egin zuten atzo arratsaldean. Bakoitzak bere estiloan, Óscar Terolek eta Sara Escuderok barre algarak piztu zituzten kultur etxea bete zuten ikusleen artean.

Oscar Terol irten zen lehenik agertokira. Gitarra eskuetan, abesti batekin hasi zuen ordubeteko bakarrizketa. Lehen unetik entzun ziren barreak, une batzuetan algara zaratatsuak ere. Pandemiak eragindako egoerak zituen ardatz, baina prestatutakoarekin hasi aurretik bere itxuraren gorabeherak izan zituen hizpide: ile luzea, loditasuna, adina, metabolismoa... Ondoren, bai, itxialdian bizitakoaz mintzatu zen. "Euskaldun osasuntsua ez da etxean egoten" baieztapenaren ondotik, ondo ezkontzearen garrantziaz aritu zen. Kalera irten ezinik igarotako aste horietan askok bere etxea ezagutzeko aukera izan zuela ere azaldu zuen; berak, esaterako, egongela ikusi zuen lehenengoz. 

Hala, pandemiari eta gaurkotasunari errepasoa egin zion ironiaz betetako umorearekin eta bere ohiko keinuekin. Barreak eragiteaz gain, lasarteoriatarrak donostiarrak bezain argiak (edo gehiago) badirela ere frogatu zuen; han egindako saioetan ustez jasotako erantzunak erreferentziatzat jarri baitzituen  behin baino gehiagotan. Hitzez edo kantuan bere helburua lortu zuen aise.

Baita jarraian irten zen Sara Escuderok ere. Terol bezala, bere buruaz barre eginez bilatu zuen bertaratutakoen konplizitatea. Pasadizoetan oinarritutako bakarrizketa izan zen, ustez gertatu zaizkion zenbait egoerak josita. Txikia eta argala izanda entzun behar izan dituen zenbait "aholku" edo 39 urte betetzeak eragin dizkion zenbait "zailtasun" izan zituen abiapuntu.