Onena eman dute oholtza gainean

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 19a, 18:21

Kukuka Dantza eta Antzerki Eskolako ikasleek jaialdia egin dute asteburuan. Hiru saiotan banatuta, ikasturtean ikasitakoaren biltzen duen lagin bat erakutsi diete Oriarte-Landaberriko jolastokian jarritako aulkiak bete dituztenei. 

Hambostaldirik ezin izan dute egin, baina ikasturte amaierako emanaldiei ez diete uko egin. Azken hilabeteetan landutakoa erakutsi dute oholtzara igo diren haurrek, gazteek eta helduek. 350 eserleku jarri dituzte eta nork bete izan dute ia guztiek bi egunotako hiru saioetan.

Ordubete inguruko luzapena izan du emanaldi bakoitzak. Ostiral arratsaldean, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara arteko ikasleek zirku eta antzerki emanaldiak egin zituzten. Zapi, plater, uztai eta beste zenbait elementu baliatzeko duten abilezia erakutsi zuen lehen taldeak. Jarraian, Txanogorritxu, hiru txerritxoak eta beste pertsonaia batzuek ihes egin zioten otsoari, motor gainean joan arren. Denetariko istorioak antzeztu zituzten taula gainean. Hala nola, denboran joan-etorriak, espaziora bidaiak, superheroien kontakizunen zentzugabekeriak edota zailtasunak dituztenei ziria sartzen dien sendalaria.

Beraien txanda noiz helduko zain zeudenek emanaldia egina zutenek, albo batetik adi jarraitu zuten  kideek egindakoa; eta gainerako ikusleek bezala, gogotik txalo egin zieten oholtzatik jaisten zirenei. 

Dantza eta inprobisazioa

Larunbat goizean dantzaren txanda izan da. Euskal dantzako ikasle gazteenek hasi dute emanaldia. Talde jendetsuena dute eta hiruzpalau dantza egin dituzte elkarrekin. Pare bat irakasle izan dituzte laguntzaile, eta aurrerago helduek egin duten dantzarako beroketa gisa balio izan die. Gaztetxoen txanda izan da jarraian, hauek eskuetan zituzten erretilu modukoak baliatu dituzte eskainitako piezan. Ondoren, euskal dantza sorkuntza eta dantza garaikidearen alorrean murgildu dira. Batzuk biziak eta indartsuak izan dira, ikusleen harridura eraginez; beste batzuk, aldiz, bereziak; oinetakoei eta zapi gorri bati tiraka egindakoa bezala. 

Azkenik, arratsaldean, DBH eta helduen taldeak igo dira oholtzara antzeztera. Gazteen inguruko estereotipoak ardatz hartu ditu taldeetako batek, eskola jazarpena, berekoikeria, sare sozialen gehiegizko erabilera... eta beste zenbait uste irudikatuz.  Koronabirusak, nola ez, bere tartea ere izan du. Ez partaide guztiek erabilitako musukoengatik, pandemiak eragindako zenbait egoeren eta nekearen inguruan osatutako piezagatik, baizik. Urrutiko diruditen balkoietako txaloak eta dantzak, terrazetan egonagatik kutsatzeko arriskurik ez dutela uste dutenak... Ikusleei zuzenean esandako zenbait gauzek gogoetarako bide ematen dute.

Amaitzeko, inprobisazioan aritu dira helduak. Lehiaketa bailitzan, Zabaleta eta Atsobakar auzoetako hiruna ordezkari aurrez aurre jarri dira babes ofizialeko pisu bat eskuratu nahian. Horretarako, ikus-entzuleek leku bat, elementu bat eta genero bat aukeratu dute eta talde bakoitzak istorio bat asmatu behar izan du. Ondoren, publikoak aukeratutako film bana antzeztu behar izan dute. Atsobakarri egokitu zaio Edurnezuri eta zazpi ipotxak, Zabaletari, berriz, Lehoi erregea.

Besoak altxatuz bozkatu dute ariketa bakoitzean zein izan den onena. Puntu bana jaso du hirukote bakoitzak eta berdinketa hausteko beste proba bat egin beharrean, aurkezleak etxebizitza berarentzat hartzea erabaki du. Horrek Benny Hill umoregilearen saio ezaguneko  musika piztu eta atal haiek amaitu ohi ziren moduko egoera ekarri du: Seia partaideak ihes egiten ahalegindu den aurkezlearen atzetik korrika, hura harrapatu nahian.

Erlazionatuak

XIX. Antzerki eta Dantza Jaialdia - Ostirala

Txintxarri Aldizkaria 2021 eka 19 Kultura