Zinema (H)abian ekimenean egindako lanak proiektatu dituzte kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 18a

Oriarte Institutuko 4. DBH mailako ikasleek laugarren urtez parte hartu dute Cinema en curs - Zinema (h)abian ekimenean. Aurtengo ikasturtean osatutako Lan-artean dokumentala eta iazkoan egindako Oroitzapen argiak proiektatu dituzte kultur etxean.

 

Bezperan Tabakaleran erakutsi zuten egindako lanaren emaitza. Ostiraleko emanaldia, berriz, lasarteoriatar guztiei zabalik zegoen. Ikasle, senide, guraso eta agintariak bertaratu ziren kultur etxera. Proiekzioarekin hasi aurretik, arduradunek hartu zuten hitza.

Zinema (h)abian koordinatzen duen Ion Etxeberria alegitarrak egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituen, lehenik. Egitasmoa herrian aurrera eramateaz gain, Galizian, Katalunian, Madrilen, Txilen, Mexikon, Argentinan, Eslovenian, Lituanian eta Alemanian ere burutu dutela azaldu zuen. Leku horietako 1.500 ikaslek osatu dituzte beraien lanak, antzeko prozesu bat jarraituta. Hortaz, Lan-artean dokumentala "urrutira joan" eta herriko mugetatik kanpo ere oihartzuna izango duela nabarmendu zuen Etxeberriak. 

Proiektuaren helburuetako bat, txikiak izanagatik, garrantzitsuenak diren inguruko istorioak  ezagutzea da; Lasarteoriatarrek zenbait ofiziotan diharduten herritarren jarduna eta lekukotza jasotzen dituzte. Haietako batzuk emanaldian izan ziren. Parte hartu izana eskertu eta "omenaldi" gisa ulertzeko eskatu zien arduradunak. "Balioan jarri duten egiten duzuena eta ikasleek asko ikasi dute. Zoragarria da egiten duzuena". 

Argiak itzali eta aipatu guneetan egitasmoko partaideak lanean ari zirela hartutako zenbait irudirekin osatutako  making off labur bat ikusgai izan zen. Ondoren, Lan artean  proiektatu zuten eta egileek azalpenak emateko aukera izan zuten. Jarraian, pandemia dela eta, testuinguru zailean egindako Oroitzapen argiak lanaren txanda izan zen. Aurtengoek bezala, iazko zinemagileek ere aukera izan zuten egindakoaren inguruan hitz egiteko.