COVID-19

Kutsatze berri bat baieztatu dute ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 13:26

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo bildutako datu epidemiologikoekin osatutako txostena argitaratu berri dute. Bertan ageri denez, ostegunean, kasu berri bat baieztatu dute herrian, bezperan baino hiru gutxiago. Guztira, ekaina hasi zenetik, 35 kutsatzeren berri izan dute osasun langileek. Intzidentzia-tasa metatua, 141,77 da. 

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.721 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Hiru positibo eskualdean

Beterri-Buruntza eskualdeko herrietan hiru positibo erregistratu dituzte ostegunean, bana, Hernanin, Astigarragan eta Lasarte-Orian. Eskualdeko beste hiru udalerrietan, aldiz, ez dute kutsatu berririk gehitu. Azken egunetan bezala, Andoain eta Hernani eremu berdean daude; gainerako lau herriak, horian.

Euskal Autonomia Erkidegoan atzo burututako 6.196 proba diagnostikoetako 165 positiboak izan ziren, hala, positibo tasa %2,7 da. Kutsatu berrietako 35 Gipuzkoan erregistratu dituzte, 107, berriz, Bizkaian; eta 20, Araban. Gainerako hiruak beste erkidego edo tokietakoak dira. EAEko intzidentzia-tasa metatua125,47 da.

Ospitaleen egoerai dagokienez, koronabirusak eragindako 19 pertsona ospitaleratu zituzten ostegunean. Horiek batuta, Osakidetzako erietxeetan 71 gaixo daude, haietako 51, ZIUetan. 

Datorren asteburutik aurrera, musukorik ez atari zabalean

LABI batzordea arratsaldean bilduko da indarrean dauden osasun neurriak berrikusteko. Zenbait moldatzeaz gain, beste batzuk arintzeko aukeraren berri eman zuen Iñigo Urkullu lehendakariak maiatzaren 31n. Horiek indarrean sartzeko baldintzetako bat adierazle hori 150 baino baxuagoa izatea zen. Batzordeak har ditzakeen neurriak direnak direla, ekainaren 26tik aurrera atari zabalean musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango. Erabakia goizean ezagutarazi du Pedro Sánchez Espainiako presidenteak eta osteguneko ezohiko Ministroen Kontseiluak berretsiko dute.