Tourreko porra egiteko garaia iritsi da

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 18a

Aurten Frantziako Tour goiztiarra ekainaren 26an, larunbatarekin, hasiko da. Hori dela eta, Ostadar SKTk Tourreko porrako izena ematea martxan jarriko du hurrengo asteartetik aurrera. Internetetik egiten duten herritarrek berrikuntza batzuk aurkituko dituzte

Frantziako Tourra hastear da. Ekainaren 26a izango da, Brest eta Landerneau arteko etaparekin. Bretainiatik Parisera, hiru asteko lasterketa izango da eta horrekin batera, Ostadar SKTko porra martxan izango da.

Txartelak egiteko epea ekainaren 22an, asteartean irekiko da. Ohiko tabernetan, zein on-line Ostadar SKTren webgunean egin ahal izango dira. Hilaren 26an, larunbatean, 21:00etan, bukatuko da boletoak tabernetan entregatzeko epea; igandeko 10:00etan, berriz, on-line egiteko aukera.

Berrikuntzak

Ostadar SKTk jakitera eman duenez, txartelak egiteko hobekuntza batzuk egin ditu porran. Hemendik aurrera, txirrindulari bakoitzaren rankinga eguneratua eta aurrerapena ikusi ahalko dira webgunean. “Ziklisten sailkapena” edo “Txirrindularien zerrenda” sakatuz, egin ahalko da kontsulta.

Gainera, elkarteak https://www.procyclingstats.com/ orrialdera lotutako bi esteka sortu ditu. Batetik etaparen izenean klik eginez, eguneko sailkapen eta informazio osoa kontsultatu ahal izango da, eta, bestetik, txirrindulariaren gainean klik eginez, haren fitxa teknikoa eta rankinga ikusiko dira.

On-line txartelak

Bestalde, on-line txartela egitean txartelarekin ordaintzeko arazoak izan dituzten herritarrei ohar bat helarazi nahi die kirol elkarteak.

Ostadar SKT jakitun da ordainketa arazoak direla medio, herritar batzuk behin baino gehiagotan boleto bera egin dutela. Horregatik, ordainketa ezin bada egin, ez errepikatzeko eskaera egin du. "Saiakera bakoitza erregistratuta geratzen da webgunean. Egin behar dituzuen boletoak lasai egin eta ordainketarekin arazorik izanez gero, zuekin harremanetan jarriko ginateke," adierazi du porrako antolatzaileak.