Izadi gurasoekin etxeratzea helburu

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 18a, 15:00

Lasarte-Oriako Sarek ibilian-ibilian dinamikaren bigarren ekimena egin du aste honetan. Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kideak gonbidatu dituzte, Aranjuezeko espetxean bizi den Izadi eta bere gurasoen egoeraren berri emateko. Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa dokumentala ere ikusi ahal izan dute

Izadi. Espetxean jaiotako atzera kontaketa dokumentala ikusteko aukera izan dute lasarteoriatarrek. Lasarte-Oriako Sarek, Ibilian-ibilian dinamikaren baitan antolatu duen bigarren ekimena izan da. 

Ostegun arratsaldean elkartu dira Mercero guneko hitzaldi aretoan, eta dokumentala ikusten hasi aurretik, Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kideekin solastu dira aretoan bildutakoak; Itxaso eta Oihana Torregrosa ahizpekin. Burlatakoak dira, Maria Lizarragara Izadiren amaren herrikoak, eta gaur gaurkoz Izadi eta bere gurasoak bizitzen ari diren egoeraren berri emateaz gain, plataformaren aldarrikapenak zeintzuk diren ere azaldu dituzte.

Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba da Izadi. Espetxean jaio eta bertan bizi da jaio zenetik, baina hiru urte beteko ditu datorren urtarrilean, eta gurasoengandik banatu egingo dutela salatu dute. Banaketa hori ekiditeko, eta Izadi gurasoekin batera etxeratzea aldarrikatzeko sortu zuten Izadi Gurasoekin Etxera plataforma 2019an.

Kontatu dute Valentziako Picassenteko kartzelan jaio zela Izadi, eta lehenengo urte eta erdian bertako "amen moduluan" egon zela bere ama Mariarekin. Orain, Aranjuezeko (Madril)  espetxean daude hiru senideak, baina, borroka asko egin ostean, duela gutxi izan dute hirurak elkarrekin egoteko aukera; 2020ko azaroaren 30az geroztik elkartu dituzte hirurak Aranjuezeko espetxeak duen familia moduluan.

Elkarrekin egoteko aukera hori pozez bizi badute ere, espetxeak eguneroko jartzen dizkien "trabei" aurre egiten jarraitu behar dutela azpimarratu dute plataformako kideek: "Izadik 2020ko otsailetik darama aurrez aurreko bisitarik egin ezinik, bere senideekin inolako kontaktu zuzenik gabe, eta martxotik kalera irten gabe". Egoera horrek haurraren garapenean ondorioak izaten ari dela salatu dute Torregrosa ahizpek. Kontatu dute zementuzko lau pareten artean bizi dela haurra, "kanpoko inolako estimulurik jaso gabe". Haurra kalera ateratzeko aukerak behin eta berriro ezeztatu dizkietela ere jakinarazi dute.

Dokumentalean ere horren berri eman dute preso dauden Iñigok eta Mariak, eta Rosa Carrilo, Iñigoren amak eta Amparo Merino eta Joaquin Lizarraga, Mariaren gurasoek. 

Urtarrilera bitarteko erronkak 

Bi aldarrikapen nagusi egingo ditu Izadi Gurasoekin Etxera plataformak hemendik urtarrilera bitarte. Lehena haurrari berehala kalera irteten utz diezaiotela, eta urtarriletik aurrera bere gurasoekin egoteko duen eskubideari irtenbide bat ematea. Horretarako, ekintza ezberdinak deituko dituzte; hilabete bakoitzeko 23an ekimenen bat iragarriko dutela jakinarazi dute. Horien berri izateko plataformaren sare sozialei adi egoteko eskatu dute.