Datorren asteazkenean, ekainaren 23an aurkeztuko du udalak Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana egiteko diagnostikoaren azken fasea. Gaiarekiko interesa duen edozein lasarteoriatar joan ahal izango da hitzordu horretara, baina, zehaztu dute, COVID-19ak eragindako pandemia dela-eta, aurrez izena ematea ezinbestekoa dela, partehartzea@lasarte-oria.eus helbidera idatzita. Asteazken eguerdian eman dute horren berri Agustin Valdivia alkateak, Nagore Duran Parte-hartzeko zinegotziak, eta Ingurugiro teknikari Itziar Gurrutxagak.
Azaldu dute amaitzear duten diagnostikoan txertatu dituztela kale eta online inkestetan bildutako jasotako balorazioak. Guztira 68 online inkesta eta 254 kale inkesta egin dituzte, eta horien artean parte hartu dute 110 gidarik, bizikleta erabiltzen duten hamabost pertsonek, garraio zerbitzu publikoaren 42 erabiltzailek, hamabost komertzioantek, eta komertzioetako hamabi bezerok. Herriko mugikortasunari dagozkion iritziak jasotzea izan da inkesta horien helburua.
Parte-hartze prozesua
Diagnostikoaren atala ixteko, eta Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana osatzen hasi aurretik, parte-hartze tailer bat egin nahi du udalak; hori izango da, hain zuzen, diagnostikoaren atala itxiko duen jarduera. Horrela, ekainaren 23an, 18:00etan Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan izango da parte-hartze tailerra, eta gutxi gorabehera bi orduko iraupena izango duela aurreratu dute.
Diagnostikoaren dokumentua aurkeztuko eta bertan bildu diren elementu garrantzitsuenen berri emango zaie bertaratzen direnei. Horrez gain, dokumentua bera zatika aztertu eta eztabaidatzeko aukera izango dela ere iragarri dute. Lanketa aurretik egina eraman ahal izateko, diagnostikoaren bertsio laburtua www.lasarte-oria.eus web atarian deskargatu daitekeela ere jakinarazi dute.
Galdera bat luzatuko dute
Parte-hartze tailer horretan Mugikortasunari dagokionean, nolako Lasarte-Oria nahi duzu hemendik hamar urtera? galderaren inguruan hausnartu eta lanketa egiteko aukera izango dute herritarrek. Azaldu dute galdera hori izango dela gaur egungo egoeraren, egin nahiko litzatekeenaren eta egin daitekeena zehazteko hari eramailea.
Behin diagnosiaren fasea amaituta, fase berri bat irekiko dute. Ekintzekin hasiko dira horretan, eta fase berri horretan, udal teknikarien iritziez gain, herritarrenak ere kontuan hartuko dituztela azpimarratu dute; parte hartzea prozesu osoan zehar mantentzea da udalaren ideia: "Mugikortasuna oso gai garrantzitsua da; guztion artean landu beharrekoa", azaldu du ingurugiro teknikariak.