Joko Olinpikoetarako atarian, seigarren Pragan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 17a

Maialen Chourraut, Espainiako Kopako proba batean lehian. Arg.: RFEP.

Hilabete geratzen da Joko Olinpikoak hasteko eta MaialenChurraut herritarrak bere prestaketa hobetzeko Pragan, Txekiar Errepublika, ekainaren 11tik 13ra jokatu den Munduko Kopako proban parte hartu du. K-1 mailako finaleko jaitsieran Jessica Fox australiarrarekin batera azkarrenetarikoa izan arren, ez bata ez bestea ez ziren lehen postuan sailkatu. Ibilbidean egindako akatsengatik Chourraut seigarren postuan sailkatu zen eta Fox, berriz, hirugarren izan zen

Txapelketa gorabeheratsua izan zuen Atletico San Sebastianeko palistak Pragan.

Ekainaren 11ko kanporaketan bere multzoko zortzigarren postua lortu zuen, 100,32 denborarekin. Abiaduraz ongi joan zen herritarra, 98 segundo 32 ehuneko baina bosgarren atean egindako huts batek bi puntu gehitu zizkion bere jardunari. 

Larunbata goizeko final-erdian, berriz, estutasunak pasa zituen herritarrak kanalean. Nahiz eta akatsik ez egin, Chourrautek ez zuen piragua aurreko egunean bezala gidatzerik izan eta horrek 107,64ko denbora egitea ekarri zuen. Sailkapeneko hamargarren postua eskuratu eta ozta-ozta iritsi zen finalerako.

Arratsaldeko finalean, berriz, arantza kendu zuen. Nahiz eta denbora aldetik jaitsiera ona egin, hirugarren eta zortzigarren ateak ukitu zituen eta lau puntuko zigorra izan zuen. Guztira 104 segundo eta 13 ehuneko egin zituen eta final-aurreko denbora hobetu zuen.

Finaleko lehen parte-hartzailea izanik, arerio guztien jaitsiera ikustea egokitu zitzaion herritarrari. Sailkapeneko lehen postuetan izan zen Chourraut azken hiru lehiakideak uretara jauzi egin arte. Azkenean, seigarren izan zen.