Eskolako Agenda 2030 egitasmoan 1.000 ikasle baino gehiagok parte hartu dute aurten

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 17a, 10:08

Eskolako Agenda 2030 egitasmoa landu dute Landaberri ikastolako eta Sasoeta ikastetxeko haurrek; guztira, 1.000 ikasle baino gehiagok. Lehorreko ekosistemen bizia jorratu dute, eta zehazki, basoak. Kurtsoan zehar ateratako ondorioak partekatu dituzte udal ordezkariekin, kultur etxeko hitzaldi aretoan.

Bukatzear den 2020-2021 ikasturtea ezohikoa izaten ari da ikasleentzat ere. COVID-19ak eragindako zailtasunak sufritu dituzte kurtso osoan zehar, baita Eskolako Agenda 30 programa lantzerakoan ere –orain arte Eskolako Agenda 21 izan da–. Nazio Batuetako Erakundeak hamazazpi helburu adostu zituen 2015ean, garapen jasangarria sustatzeko; horretan oinarritzen da Eskolako Agenda 30 egitasmoa. Lurra planeta babestea, mundu mailan pobrezia desagerraraztea eta pertsona guztien oparotasuna bermatzea dira xedeetako batzuk.

Landaberri ikastolako eta Sasoeta ikastetxeko haurrek makina bat ikasturte daramatzate agenda horiek lantzen. NBEk adostutako 15. helburua landu dute aurten, lehorreko ekosistemetako bizia, eta zehazki, basoak.

Gogoetak, udal ordezkariekin

Ekainaren 15ean kultur etxera joan ziren egitasmoan parte hartu duten 1.000 ikasle horietako batzuk, 40 inguru, eta udal ordezkariekin elkartu ziren, kurtsoan zehar jorratutakoaren mamia haiekin partekatzeko. Binaka, bi zentro horietako haurrek basoen gainean landu dutena partekatu zuten. Programa izenez aldatu bada ere, ikasleen lana egiteko modua ez da desberdina izan: motibazio jarduerak burutu dituzte, eta ondoren, eskoletako eta herriko diagnostikoak gauzatu dituzte. Horren ostean, lan hori guztia Ikasleen Arteko Forora eraman dute, eta ondorioak atera dituzte: onak, hobetzekoak eta txarrak.

Udal ordezkariek adi entzun zituzten ikasleen ekarpenak, eta Agustin Valdivia alkateak hartu zuen hitza, erantzuteko. Azpimarratu zuen "oso garrantzitsuak" direla haurrek egiten dituzten ekarpenak; aurten herrian zehar jarri diren edukiontzien adibidea jarri zuen. Duela hiru bat urte, ikasleek, plenoan, eskatu zuten zaborrontzien irisgarritasuna hobetzea, zabor-poltsak bota ahal izateko.