Urtebeteko etenaren ostean, Gipuzkoako federazioak Gervais eta Jose Larrarteren oroimenezko probak antolatu ditu.
Jose Larrarte proban, junior mailako hamabost txirrindularik parte hartu zuten. Horien artean, Buruntzazpi Txirrindularitza elkarteko Haimar Etxeberria eta Beñat Carbayeda.
Aizarnazabaldik hasi eta Zumaiako saihesbideko biribilguneraino joan ondoren, Aizarnazabalera itzuli behar zuten. Guztira ,14,5 kilometroko ibilbidea zuen probak.
Guztien artean azkarrena Buruntzazpiko Etxeberria izan zen. 19 minutu eta 13 segundo behar izan zituen bidea egiteko eta horri, esker lurraldeko txapela eta elastikoa eskuratu zituen.
Carbayeda, berriz, 19:46 behar izan zituen eta podiumetik kanpo geratu zen gutxigatik, bi segundo. Herritarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Pozo, hirugarren
Eliteko eta 23 urtez azpiko Gervais oroimenezkoa ere lehiatu zen eta bertan ere izan zen Lasarte-Oriako ordezkaririk, Eibar Txirrindularitza taldeko Asier Pozo.
Hamabost txirrindularik parte hartu zuten maila horretan eta Pozok 23 urtez azpiko podiumeko hirugarren mailara igotzea lortu zuen, ibilbideko 21 kilometroak 28:06 denboran eginez.
Idiazabalen, bigarren
Bestalde, Etxeberriak asteburuan Idiazabalgo proban bigarren postua eta mendiko saria lortu zituen. Lerroko lasterketan hirugarren izan zen eta erlojupeko proban bigarren.
Taldekide Beñat Carbayeda bosgarren postuan sailkatu zen; Viveros San Anton taldean dagoen Ander Altuna, berriz, 24. postua. Buruntzazpi eskolako kideek, gainera, taldeen sailkapenean hirugarren postua eskuratu zuten.