Eusko Label eta Euskotren Ligak asteko bi aste eta Kontxako bandera jokatzeko hiru hilabete faltan, Gipuzkoako txapela jokatu zuten eskifaiek ekaianren 13an, Donostiako uretan. Gizonetan azkarrena Hondarribia izan zen; emakumezkoan, berriz, Aiora Belartieta, Paula Gonzalez eta Izar Agirretxe herritarrak kide dituen Arraun Lagunak taldea. Belartieta Donostiako uretan izan zen lehian; Gonzalez, berriz, kaian izan zen ordezko modura. Izan zen beste herritarrik ere lehian, Intza Fernandez. Fernandezek eta Hondarribia Bertako igogailuak taldeko kideek laugarren denborarik onena lortu zuten.
Atzerapena
Donostiako badia behe-laino handiarekin esnatu zen eta lehen estropadan beterano mailako traineruek zailtasunak izan zituzten eremuan ongi arraun egiteko.
Arraun Lagunak taldeko Belartietak aipatu digunez, "gutxitan ikusi da horrelako behe-lainoa Kontxako badian eta txapelketa bertan behera geratuko zela pentsatu genuen momentu batean".
Epaileek lehia etetea erabaki zuten behe-lainoa altxatu arte. Itxaronaldiak bere fruitua izan zuen eta badia garbitzen hasi zenean, txapelketari ekin zitzaion.
Aurten, gainera, Gipuzkoako federankudeak emakumeen lehia azkena izatea nahi izan du eta ondorioz, azken txandan Orio, Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostiako bi traineruak lehiatu ziren, Kaiarriba-Donostiarra eta Arraun Lagunak.
"Pixkanaka pixkanaka gauzak aldatzen ari direla ikusten da, emakumezkoak lehenak izaten dira lehiatzen normalean.Emakumeen zein gizonezkoen lehiaketek garrantzi berdina eduki behar dutela uste dut," adierazi du Belartietak.
Orio garaitu
Irteera eman eta hasi zen Orio eta Arraun Lagunak eskifaien arteko lehia. Donostiako taldeak, ordea, Orio baino segundo bat gutxiago behar izan zuen ziaboga egiteko eta bigarren luzean errenta handitu zuten.
"Aurreko estropaden emaitzak begiratuz, lehia nahiko parekatua dagoela ikusi da. Igandean, Oriok ez zigun erraz jarri, ziabogan segundo bateko diferentziarekin iritsi ginen eta bueltan gutxi gorabehera trainerua bat ateratzen geniela ikusi genuen. Egoera ondo kontrolatu genuen eta azkenean sei segundoko diferentzia atera genien," azaldu du Belartietak.
Aurreko asteburuan Lekeition egindako estropadari buelta ematea zuen helburu Lugañenek; bosgarren izan ziren. Eta soberan gainditu dute Gipuzkoako titulua eskuratuz. Gainera, Arraun Lagunakek Gipuzkoako txapelketa irabazten duen lehen aldia da. "Oso harro gaude Gipuzkoako txapelketa irabazteaz. Lehenengo aldia da irabazten dugula. Etxean irabazteak ere ilusioa handia eman digu".
Euskotren liga
Arraun Lagunakeko kideak egindako lanarekin pozik badaude ere, badakite "estropadako fase batzuetan hobetzeko detaile batzuk daudela oraindik".
Izan ere, denboraldi-aurrea amaitu baitute. Uztailaren 3an, A Coruñan, Galizia, Euskotren Liga hasiko da eta liga osoan zehar, lehia handia espero da. "Denboraldi-aurreko estropadetan Euskotren Ligako lau tripulazioek maila handia eman dutela ikusi da. Lauak oso pareko gaude eta detaile txikiek asko baldintzatuko dute lehia," onartu du Lugañeneko kideak.
ARC1 liga
Bestetik, Gaizka Ormazabal herritarrak taldez aldatu duela jakinarazi digu. Hibaikan denboraldi bat egin ostean, egun Libia eskifaian ari da lanean.
San Pedroko trainerua Donostiako uretan laugarren izan bazen ere, Ormazabalek ez zuen parte hartzerik izan. Larunbatean izan zen Ondarroako Antiguako Ama estropadan egin zuen debuta eta ez zuten Gipuzkoako txapelketarako deitu.Ondarroan hamaikagarren postuan amaitu zuen lehia Libiak.
Ormazabalek aipatu digunez, talde aldaketa nabaria izan da. Eta eskifaian dagoen mailarengatik, aurten ordezko izatea tokatuko zaiola ere onartu du.
Denboraldi-aurreko azken proba zen Ondarroakoa eta asteburu honetan, ARC ligari hasiera emango diote maila horretako traineruek. San Pedro ARC1ean lehiatuko da eta bi proba ezberdin izango ditu: larunbatean, Pasaiako XXXVI. Ikurriña eta igandean, Andoni Galarragaren Oroimen Estropada, Getarian.