Ikasitakoak oholtzaratu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 16a, 09:58

Udal Musika Eskolako ikasleak ikasturtea amaitzear dute. COVID-19ak eragindako pandemia tarteko, aukera izan dute musikaz eta instrumentuez gozatzen jarraitzeko, eta ikasitakoen erakustaldia ederra egin dute astearte arratsaldean. Manuel Lekuona kultur etxeko oholtza gainera igo dira eta emanaldi atsegina eskaini dieten ikustera gerturatu diren herritarrei. 

Askotariko musikariak ikusi ahal izan dira agertokian. Ekitaldia aurkeztu eta akordeoi-jotzaileak izan dira oholtzara igotzen lehenak. Doinu ezagun batekin hasi dute emanaldia; Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak jo dute. Horien ostean agertu dira zeharkako flauta jotzaileak, biolin-jotzaileak, piano jotzaileak eta gitarra jotzaileak. Trebetasun handia erakutsi dute guztiek. 

Bi zatitan banatu dute aurtengo ikasturte amaierako ekitaldia. Horrela, asteartekoarekin batera, ostegunean ere izango da beste emanaldi bat. Ekitaldia horien bitartez amaitutzat emango dute Udal Musika Eskolako ikasturtea.