Durangon Ostadar Atletismo saileko kideek lau domina jantzi eta hiru marka pertsonal ondu zituzten absolutu mailako Euskadiko txapelketan.
Maider Rekondok 43 metro baino gehiago jaurtiz urrezko domina eta Euskadiko txapeldun titulua lortu zituen disko-jaurtiketa proban. Pisu jaurtiketan ere izan zuen saririk herritarrak, hirugarren izan baitzen 12 metroko jaurtiketarekin.
Luzera-jauziko proban etorri ziren beste bi dominak. Naroa Furundarenak bigarren postua eskuratu zuen, 5,90 metroko jauziarekin; Enara Gonzalezek berriz, 5,67 metroko jauzi egin zuen eta podiumeko brontzezko maila eskuratu zuen.
Bi jauzilariek euren marka hobetu zituzten eta Gonzalezen kasuan, 20 urte azpiko Espainiako txapelketarako gutxienekoa egin zuen.
Podiumetik gertu ibili zen Oihana Igarriz disko-jaurtiketa proban. Laugarren izan zen 34,56 metroko jaurtiketarekin.
Naroa Furundarenak 200 metroko lasterketa ere egin zuen. Finalerako sailkatu zen arren, 25,43 marka, ezin izan zuen finalean parte hartu.
Maider Abete ere lehiatu zen txapelketan abiadura proba batean, 100 metro lasterketa. Bere sailkapen lasterketan 13,23 egin zuen.
Beste herritar bat ere izan zen proba honetan lehian, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi. Eugik 12.79 egin zuen bere sailkapen lasterketan.
Aloña Mendi KEko Jon Presa herritarrak ere parte hartu zuen 1500 metroko lasterketako B finalean eta 4:24.52 denbora egin zuen.
Ohorezko mailan mantendu
Furundarenak ez du atsedenik izan eta Bidasoa Atletiko Taldearekin Ohorezko Mailako jardunaldia jokatu zuen ekainaren 12an, Valladoliden.
BATek Ohorezko mailan mantentzea zuen jokoan eta Furundarenak jauzi hirukoitzeko proban lehen postua eskuratuz, 12,42 m., zortzi puntu baliagarri eskuratu zituen.
Azkenean, laugarren postua eskuratuz, helburua lortu zuen BATek eta hurrengo denboraldian ere Ohorezko mailan lehiatuko da.
Harrobia eta masterrak ere fin
Ekainaren 13an, berriz, adin txikiko Gipuzkoako txapelketan talde urdin-beltzak hainbat kirolari izan zituen lehian Donostiako miniestadioan. Harrobiko atletak indartsu datozela erakutsi zuten proban eta lau domina eskuratu zituzten.
16 urtez azpiko mailan, Alex Alkainek luzera jauzian,5,16 m., eta 100 m. lasterketan parte hartu zuen. Bietan zilarrezko postua eskuratu zuen gazteak.
18 urtez azpiko mailan, pisu jaurtiketa probetan lortu ziren beste bi dominak; biak brontzezkoak. Nahia Surutusak 9,38 metroko jaurtiketa egin eta bere marka pertsonala ondu zuen; Eneko Andonegik, berriz, 8,53 m. egin zituen.
Dominarik ez baina lehenen artean izan zen Unax Riezu 100 metroko proban, laugarren izan zen.
Master mailako txapelketa ere lehiatu zen eta bertan Atletico Renteria taldeko J.R. Latorre eta Ander Iriondo herritarrek parte hartu zuten.
Latorrek urrezko domina lortu zuen 200 m. lasterketa proban; Iriondok, berriz, 800 m. lasterketan parte hartu eta proba utzi behar izan zuen.