'Etxekoen' berotasuna jaso du Elena Miguelek

Iñigo Gonzalez Sarobe 2021ko eka. 15a, 10:38

Elena Miguel Bailo herritarrak 36 urtez egin du lan Sasoeta-Zumaburu ikastetxean, idazkari gisa batez ere. Hiru hamarkada eta erdi baino gehiagoz aritu da bertan, "beti lanerako prest eta irribarre batekin", zentro horretako gimnasioan omenaldi hunkigarria egin diotenek nabarmendu dutenez. Burunzpe guraso elkarteak, ikasle izandakoen eta direnen gurasoak, ikastetxeko langileak eta familia gerturatu dira ekitaldira; 1984tik 2020ra bitartean emandakoagatik eskertza jaso du lasarteoriatarrak zentro horretan bertan, etxean.

Elena Miguel herritarra hezkuntzan lanean hasi zenean, 1984. urtean, Sasoeta eta Zumaburu ikastetxeak ez zeuden fusionatuta oraindik. Azken zentro horretan egin zituen lehen urratsak, irakasle moduan. Zuzendari izatera ere iritsi zen. Urte batzuk geroago, bi ikastetxeak bateratu zirenean, idazkari lanak egiten hasi zen, eta horretan eman zituen 20 urte baino gehiago, erretiroa hartzeko unea iritsi zitzaion arte, iaz. 

Ia urtebete beranduago, 2021eko ekainean, azken 36 urteetan emandako guztiaren zati bat bueltan jaso du Miguelek, Sasoeta ikastetxeko gimnasioan. Zentro horretara haurrak eraman dituzten gurasoek, Burunzpe guraso elkartekoek, ikastetxeko zuzendaritza taldeak eta herritarraren familiak parte hartu dute omenaldi xume baina hunkigarrian. 2020ko martxoan COVID-19ak egunerokoa goitik behera irauli zuenetik, ezinezkoa izan da "normaltasun" garaiko omenaldi jendetsu eta beroak antolatzea; formatua aldatu behar izanda ere, sentimentuz betea izan da irakasle eta idazkari ohiak jaso duen aitortza.

"Ongi etorri zure etxera"

Lourdes Gundin arduratu da ekitaldia aurkezteaz eta sarrera egiteaz. "Ongi etorri zure etxera", hori izan da Elena Migueli esan dion aurreneko gauzetako bat. Herritarraren ibilbidearen zertzelada batzuk zehaztu ditu, eta Sasoetako zuzendari Cristina Berlosori eman dio hitza gero. "Elena beti izan da lanerako prest, aurpegi txarrik jarri gabe; 36 urtez aritu da, irailetik ekainera, behar izan duen edonor laguntzen: ikasle, irakasle eta guraso". 

Gundinek hartu du hitza berriro, eta Sasoetako ikasle ohi batek (gaur egun, haurrak bidaltzen ditu ikastetxe horretara) idatzitako dedikatoria irakurri du. Elena Miguelek, hunkituta, buruari buelta batzuk eman dizkio, baina momentuan ezin izan du asmatu nork zuzendu dizkion hitz eder horiek. Izan ere, berak onartu duen moduan, urte guzti horietan "jende asko" ezagutu du, aurpegi ugari ikusi ditu. "Herrian lan egiteak abantailak eta desabantailak ditu: etxetik gertu zaude, baina kalean ikasle eta guraso guztiek ezagutzen zaituzte. Hala ere, alde onekin geratzen naiz, nire ibilbidean zehar pertsona asko ezagutu ahal izan ditut, idazkari gisa aritu naizen urteetan batez ere". 

Aitortza ez da soilik hitzezkoa izan, baita sinbolikoa ere. Lore-sorta koloretsu bat eta zilarrezko erloju bat oparitu dizkiote Migueli. Ordulariak hitz batzuk zituen serigrafiatuta: Burunzpe guraso elkartearen partetik, 1984-2020. Eserlekutik altxa, eta omenduak eskerrak eman dizkie parean zituen pertsonei, eta bromatxoa egin ere bai: "Niri xaboia ematen jarraitzen baduzue, gero ez naiz atetik kabituko! Mila esker, zoragarria izan da hau guztia". 

Ekitaldia bukatu aurretik, bertaratutakoek talde argazkia atera dute, maskarak soinean, baina irribarretsu.