Ostadarreko seniorra garaipena lortu ezinik

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 13a, 19:00
Argazkia: Txema Valles

Ostadar Saskibaloi Taldeko I. Seniorrak atzo eguerdian jokatu zuen Luberriren aurkako finala Donostiako Benta Berri kiroldegian. Antiguatarrak ziren faboritoak eta, ezustekorik gabe, eurek lortu zuten garaipena, 55-41. 

Finalak bereziak izan ohi dira eta talde bat nagusi bada ere, partida bakarrera edozer gerta daiteke. Topikoak topiko, aurreikusitakoa gertatu zen I. Senior Mailakoan. Borrokatzeko gogoz irten ziren jokalekura urdin-beltzak, nahiz eta zaila izango zela jakin. "Bagenekien beraiek zirela faboritoak. Ligan erraz irabazi ziguten eta partida guztiak irabazi dituzte", aitortu du Ander Otaegi entrenatzaileak. Fase erregularrean sei garaipen lortu dituzte donostiarrek beste hainbeste partidatan, Ostadarrek baino bat gehiago; eta aurrez aurre izan zirenean 60-41 galdu zuten urdin-beltzek. 

Aurrekari horiekin ekin zioten jokoari bi taldeek. Partida gaizki hasi zuten, urduri eta tentsioarekin. Lehen bost minutuak igarota, markagailuak bere horretan jarraitzen zuen: 0-0. Akatsak nagusi izan ziren, Luberriko jokalariek jaurtiketetan huts egiten zuten eta Ostadarrekoek, berriz, baloiak galtzen. Hala, 8-8 amaitu zuten lehen laurdena; eta bigarrena antzera hasi. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, bi taldeak hobe jokatzen joan ziren. Otaegiren esanetan, nabari zen Luberriko jokalariak "haserre zeudela, ez zeudela eroso" eta norgehiagoka berdindua izan zen atsedenaldia arte.

Lehen erdia 24-22 amaitu zuten eta horrek garaipena lortzeko aukera izan zezaketela pentsarazi zion Ostadarreko taldeari. Itxaropena, ordea, hirugarren laurdenean deuseztatu zen. Luberriko jokalariak "beraien jokoa egiten, asko hobe jokatzen" hasi ziren eta 17 puntuko aldea hartu zuten. "Zazpi bat minutu egon ginen saskiratzerik egin gabe eta hortik aurrerakoan ezinekoa izan zen", argitu du Otaegik. Hamar puntura hurbiltzea lortu bazuten ere, 55-41 amaitu zuten partida.

Emaitza nahi zutena izan ez bada ere, entrenatzailea pozik dago bai denboraldiarekin bai finalarekin ere. "Luberriren aurka jokatzea zaila da. Beteranoagoak, indartsuagoak, altuagoak... dira eta errebotean, nagusi. Oso zaila da". Horren adibide, partida guztian jaurtiketa libreak kenduta, bederatzi saskiratze egin zituela Ostadarrek. Bere jokalariak urduri ikusi zituen Otaegik, beraien onena eman ezinik. “Hogei minutu aguantatu genituen, baina ezin gehiago egin”.