Ikusleak dantzan jartzeko ahalegina egin du Kai Nakaik

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 12a, 21:14

Iratxe Aguilera abeslari gasteiztarrak Kai Nakai proiektua ekarri du kultur etxera. Euskaraz eginiko reggaetoia eta musika estilo honetako beste kanta ezagun batzuekin osatu du bere proposamena. 

Lehen abestia amaitu eta argiak piztu direnean, eskerrak eman dizkie bertaratutakoei eguraldi onak bestelako asmo batzuk erraztu arren, kontzertua aukeratu izanagatik. Hogei bat lagun topatu ditu aurrez aurre, baina gogaitu beharrean, energia eta gogo berarekin jarraitu du kantuan. 

Reggaetoian nagusi diren estereotipoekin apurtu eta emakumearen papera aldarrikatzen du Aguilerak, feminismotik, eta euskaraz, gazteen artean hizkuntza bera sustatzeko asmoz. Durangoko Azoka Sormen Bekari esker osatu du Baimenik gabe lehen diskoa. Bertako bederatzi abestiekin batera, beste doinu ezagun batzuk ere gogora ekarri ditu. 

Gogotik dantza egin du berak bakarrik edo kanta gehienetan ondoan izan dituen bi dantzariekin. Gauza bera egitera animatu nahi izan ditu ikusleak ere,  nahiz eta haiek besoak mugitu edo txalo egitea besterik ez duen lortu. Hain justu, txaloekin eskertu diote ondo pasarazteko egin duen ahalegina. 

Erlazionatuak