Jakintzen eta harremanen hariari tiraka aritu dira Zumaburun

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 12a, 16:52

Gune Publikoan Ehuntzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, hogeita hamar bat lagun, emakumezkoak nagusiki, elkartu dira Zumaburu elizako aurrealdean elkarrekin ehuntzeko eta indarkeria matxista gaitzesteko. 

Biribil modukoa osatu dute ehungileek eta bi orduz aritu dira plazan puntu eta kakorratz lanak egiten. Bakoitzak bere modura landu du haria, puntua, kakorratza edo horren ezagunak ez, baina oso eraginkorrak diren beste teknika batzuk baliatuta. Bertan hasi dute lana gehienek, batzuek, ordea, abilezia falta ez bazaie ere, horren azkar egiterik izan ez duten puska luzeak zituzten esku artean. Partaideen erdian xingola more bat eta piztutako kandelak jarri dituzte. Plaza ingurua, berriz, apaindu egin dute trikotatutako hainbat lanekin. 

Jarduerak helburu bikoitza du. Batetik, belaunaldi desberdinetako emakumeen artean harremanak josi, ezagutzak partekatu, eta era berean, eremu publikora atera nahi izan dituzte emakumeei eta eremu pribatuari lotuta egonagatik baliogabetutako zenbait jardun. Bestetik, indarkeria matxista salatzea. Honi lotuta, eguerdia baino ordu laurden lehenago, musika itzali, zutik jarri, eta minutu bateko isilunea egin dute egunotan albiste izan diren erailketen harira. Bertan zegoen Maite Iglesias zinegotziak ere bat egin du, inguruan begira zeuden zenbait herritarrek bezala. Halaber, emakumeei eskainitako poema bat irakurri du partaideetako batek. 

Astigarragatik luzatu zieten proposamenari heldu eta Zumaburu plazan elkartu dira. Gune hau aukeratu dute, Okendotik kanpo egiteko, eta aurrean zuten Olmi mertzerian zenbait taldek ehuntzen dutelako. Gaur ehundutako guztia eta hemendik azaroaren 25era bitartean egingo dutena batu egingo diote Astigarragako Matazak Indarkeria Sexistaren Kontra taldea osatzen ari den begiztari. 

30 elkartek baino gehiagok bat egin #Puntuetakitto ekimenarekin eta aldi berean egin dute Euskal Herriko hamalau gunetan. Herriaz gain, Astigarragan, Pasai San Pedron, Errenterian, Donostian, Oiartzunen, Hondarribian, Gasteizen, Eibarren eta Lekeition ere aritu dira trikotatzen.

 

Erlazionatuak