COVID-19

Hiru kutsatze berri erregistratu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 12:34

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo bildutako datu epidemiologikoekin osatutako txostena argitaratu berri dute. Horren arabera, beste hiru kutsatze baieztatu dituzte ostegunean herrian, bezperan baino bat gutxiago. Guztira, ekaina hasi zenetik 29 baieztapen zenbatu dituzten herrian. Gaur-gaurkoz intzidentzia-tasa metatua 210,03 da. 

Osasun agintariak datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.714 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik bederatzi (%9). Ia denak sendatu badira ere, zoritxarrez, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntzako eskualdean ez dut kasu berririk erregistratu ostegunean. Alegia, Lasarte-Oriako hiruez gain, ez dute besterik hauteman gainerako bost udalerrietan. Astigarragak eremu berdean jarraitzen du eta beste bost herriak eremu horian daude.

Euskal Autonomia Erkidegoan atzo gauzatutako 6.769 proba diagnostikoetako 224 positiboak izan ziren, hortaz, positibo tasa %3,3 da. Kutsatze berrietako 60, Gipuzkoan atzeman dituzte; 123, Bizkaian; 40, Araban; eta beste erkidego edo tokietako bat. 

Ospitaleei dagokienez, koronabirusak eragindako 36 lagun ospitaleratu zituzten ostegunean. Horiek batuta, Osakidetzako erietxeetan 116 gaixo daude, haietako 71, ZIUetan.