Udaleku feministak deitu dituzte Buruntzaldeako Neska* Gazteek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 13:00
Argazkia: aSUnak neska* gazteen taldea

Ostegun arratsaldean egin du egitasmoaren aurkezpena aSUnak Lasarte-Oriako neska* gazteen taldeak. Iragarri dute uztailaren 9, 10 eta 11n izango direla udaleku feministak, Usurbilen

Buruntzaldea astinduz, badator neska* gazteon lurrikara! lelopean aurkeztu dituzte Buruntzaldeako Neska* Gazteek udaleku feministak. Eskualdean egitasmoa aurkezteko saioak iragarri dituzte, eta, Lasarte-Orian ostegun arratsaldean egin dute.

Okendo plazan elkartu dira, eta bertan eman dute udaleku feministen berri. Iragarri dute Usurbilen izango direla, uztailaren 9, 10 eta 11n, eta eskaintzaren berri ere eman dute. 

Azaldu dute hitzaldiak, tailerrak eta formakuntzetan parte hartzeko aukera izango dela udalekuetan. Eta informazioa apur bat zehatzagoa ere zabaldu dute, hala nola, Trans generoaz kontatu ez denaz mintzatuko direla, Emakumetik emakumera, pauso handi bat aurrera! Prostituzioari buruzko tailerra egingo dutela, ligoteo saioaz ere solastuko direla, eta Sorginak, eroak eta histerikak. Nola feminismoak osatzen gaituen tailerra ere egingo dutela. Horrekin batera, aisialdi eta kultur eskaintza ere izango da, baita gaubelak, harremanak eta giro "paregabea" ere. 

Eskaintza hori eginda, udalekuetan parte hartzeko izen ematera animatu nahi dituzte herritarrak. Jakinarazi dute izen ematea ekainaren 12tik 27ra egingo dutela, sare sozialen bidez.