Zinemagintza, hezkuntzarako tresna

Nerea Eizagirre 2021ko eka. 11a, 12:00
Oriarte BHIko DBH4 mailkako ikasleak dokumentala grabatzen.

Argia, kamera...ekin! Oriarte BHIko DBH 4 mailako ikasleek Lan-artean dokumentala osatu dute ikasturtean zehar, Olga Iribar eta Eneritz Agirretxe irakasleen eta Irati Gorostidi zinemagilearen laguntzaz. Ekainaren 18an, ostiralez, Manuel Lekuona kultur etxean aurkeztuko dute emaitza, 18:30ean. Iribarrekin hitz egin dugu proiektuari buruz gehiago jakiteko

Duela lau urte, Oriarte BHIk Zinema (h)abian proiektuarekin bat egin zuen. Bartzelonako A Bao A Qu erakundeak antolatzen du eta erkidego ezberdinetako ikastetxeetan martxan dago, baita nazioarteko hainbat herrietan ere. Gipuzkoan Tabakalerak sustatu eta finantzatutako ekimena da.

 2017-2018 eta 2018-2019 ikasturteetan Trenaren hotsa edo Hemendik aurrera lanak ondu eta aurkeztu zituzten. "Film laburrak ziren, eta fikziokoak, Gazteekin zerikusia duten pertsonaiei gertatutako istorioak".

Aurten, ordea, dokumentala landu dute. "Pandemia egoerarekin muga eta asko ikusten genituen fikzioa filmatzeko", azaldu du Iribarrek.

Horregatik, herria eta herritarrak protagonista izango zituen ikus-entzunezkoa egitea erabaki zuten. "Herria eta bertan dauden lanbide ezberdinak erakustea erabaki genuen. Zehazki, eskulanak egiten zituzten herritarren jarduerak erakustea".

Lan prozesua

Gaia finkatuta, lanean jarri ziren. Lan prozesua organikoa dela azaldu du Iribarrek. "Ez da prozesu finko bat. Ez dugu ikasten nola egiten den gidoi bat edo kamara nola funtzionatzen duen. Ia konturatu gabe ikasketa prozesu natural bat izango balitz bezala egiten dugu. Gauza guztiak irudia, soinua, kamara nola funtzionatzen duen...eta gure helburuak lotzen ditugu".

Gidoirik ez, baina denbora lerro bat osatzen dutela jakitera eman digu. "Irudiekin eta testuekin osatzen dugun denbora lerro bat dugu".

Hori burutzeko, zinemagile ezagunen lanetako plano edo zatietan oinarritzen direla onartu du Iribarrek. "Inspirazio horrekin, plano horiek errepikatzen saiatzen gara".

Eta grabaketa egunak baino lehen, irudia eta argia lantzeko saioak egin dituztela nabarmendu du. "Kamara ez profesionalekin eta mugikorrekin, planoak egiten ikasi, argi eta paisaia ezberdinak grabatzen ikasi, ordu ezberdinak, leihotik ikusten dena...  Elkarrizketak ongi joateko entseguak ere egin ditugu."

Guztia prest, maiatzean grabaketa egunak hitzartu zituzten. Izan ere, grabaketa ekipo profesionala momentu zehatz batzuetan bakarrik izan baitute eskura. "Hiru egun oso izan ziren. Goizetik hasi 6:00ak aldera eta gauera arte. Egun intentsoak izan ziren benetan."

Ostean, edizioa ere egin dute. "Muntaketa denen artean egin dute, elkarlanean. Adostasun batera iritsi dira zein hartze txertatzeko. Ahotsak ere eurek grabatu dituzte".

Pandemiaren zailtasunak

Aurten pandemiak eragindako zailtasunei aurre egin behar izan dietela jakitera eman du Iribarrek. "Tabakalerak ez du diruz lagundu; beste diru-iturri batzuk bilatu behar izan ditugu. Guraso elkarteak lagundu du hasieran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Arte eskola programaren bitartez ere lortu dugu laguntza".

Hala ere, Tabakalerak bestelako laguntza eman diela ere zehaztu du, baita Elias Querejeta zinema eskolak ere. "Baliabideak utzi dizkigute eta Elias Querejeta zinema eskolak ere lagundu du, materialak utziz".

Gainera, itxiera perimetralak eta ikasleen berrogeialdiek ere jarduna moldatzera behartu dituela azaldu du. "Pandemiak baldintzatu gaitu. Ezin izan gara Donostia edo Tabakalerara joan bertan lan egitera. Grabaketa egunak ere atzeratu behar izan ditugu ikasleen berrogeialdiengatik eta egunen batean bi ikaslerekin bakarrik aurkitu ginen lanean."

Oriarte BHIKo kideek aurkeztuko dituzten lanen kartela. Arg.: Oriarte BHI

Emanaldiak

Guztiari aurre eginda, Lan-artean dokumentala aurkezteko prest dira Oriarteko kideak. Horrekin batera, 2019-2020 ikasturtean osatutako Oroitzapen argiak filma ere aurkeztuko dute.

"Iaz Oroitzapen argiak filma egin genuen. Proiektuan lanean hasi eta pandemia, itxialdia... guztia geratu zen. Orduan, itxialdiko eguneroko modukoa egin zuten gazteek eta pelikula formatora egokitzea erabaki genuen. Institutuko webgunera igo genuen, baina ez genuen aurkezteko aukera izan", azaldu  du Iribarrek.

Bi erakustaldi egingo dituzte Oriarte BHIko ikasleek. "Jendearegana iristea nahi dugu, eskolako proiektu soil bezala ez geratzea. Ez da bakarrik guretzat egiten den zerbait".

Ekainaren 17an, proiektua aurrera eramaten lagundu duten erakundeei eta laguntzaileei zuzendutako aurkezpena egingo dute.

Lasarte-Orian, berriz, ekainaren 18an erakutsiko dute euren lana. Emanaldia ikustera joan nahi duten herritarrek gonbidapena beharko dute. "Oriarte BHIko webgunetik eskuratzeko aukera eman nahi dugu", azaldu du Iribarrek.

Bide batez, eskerrak eman dizkio Lasarte-Oriako Udalari,  ekimena antolatzeko emandako erraztasunengatik.