'GAZTE EZTANDA!'

"Gazteon premiak erdigunean jarriko dituen espazioa sortu dugu"

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 11a, 09:00
Eskualde mailako topaketak ekainaren 17tik 19ra egingo dituzte. Argazkia: 'Gazte Eztanda!'.

LASARTE-ORIAKO GAZTE SORTZAILEAK, ASUNAK TALDE FEMINISTA, ERNAI ETA ORIARTEKO IKAMA

Eskualde mailako eragile ugarik hausnarketak, gogoetak, espazioak eta beste gauza asko partekatuko dituzte Hernanin, ekainaren 17tik 19ra, 'Gazte Eztanda!' topaketetan. Egitasmoarekin bat egin duten Lasarte-Oriako eragileek azaldu diote TXINTXARRI-ri topaketa horiek zertan diren. 

'Gazte Eztanda!' zer helbururekin antolatu duzue? 
Gazte Eztanda! egitasmoa xede batekin baino gehiagorekin antolatu dugu. Lehenik, salatu nahi dugu gazteok izan garela seinalatuak, bizi dugun egoeraren errudun gisa; bigarrenik, gazteok lehen pertsonan bizi ditugun problematikak ahots propioz azaldu eta aurrera begira entzunak izateko zein tresna behar ditugun hausnartu nahi dugu; eta azkenik, eskualdeko gazteei harremantzeko espazio aske eta seguru bat eskaini nahi diegu. 

"Eskualdea astintzera" etorriko zaretela esan duzue. Zer astintzera, edo nortzuk? 
Pandemiaren egoeraren kudeaketa negargarria estali asmoz, gazteok jo-puntuan jarri gaituen oro astintzera gatoz.

Ahotsa eman ezean, oihu egingo duzuela iragarri duzue. Baztertuta, zokoratuta sentitzen zarete?
Orokorrean, erabiliak sentitu gara. Begibistakoa izan den pandemiaren kudeaketa negargarriaren aurrean, uneoro gazteok jarri gaituzte fokuan; gure jokaera arduragabeaz hitz egin da. Horren ondorioz, gu izan gara kriminalizazio eta kontrol sozial gehien jasan dutenak.

"Begibistakoa izan den pandemiaren kudeaketa negargarriaren aurrean, uneoro gazteok jarri gaituzte fokuan"

Horren aurrean, esaten dugu gazteon beharrez eta desirez hitz egin behar dela. Horregatik sortu dugu gazte oihua, gure premiak erdigunean jarriko dituen espazio bat emateko eta horretarako tresnak eraikitzeko. Egitasmo hori izango da eskualdeko sektore desberdinei gure aldarrikapen eta beharrak azaltzeko bidea, baita zein etorkizun aurreikusten dugun adieraztekoa ere. 

Egitarau zabala prestatu duzue.  
Erakutsi nahi dugu eskualdeko gazteok ez gaudela geldi. Batetik, egitarau horren baitan, gazteon problematika desberdinen baitan lanean ari garen bost eragileren jarduna aurkeztu nahi dugu; bestetik, ekainaren 19an, goizez, gure beharrak ozen zabaltzeko eta bizi dugun errealitatea aurkezteko hausnarketa saioa burutuko dugu. Amaiera emateko, agerraldia egingo dugu. Pandemia garaian, argi geratu zaigu, alternatibak guk sortu ezean, inork ez digula ezer oparituko.

Egunotan zabaldu duzuen beste mezu bat: "Fokua guregan jartzea erraza izan da". 
Kudeaketa negargarri honen aurrean, gazteok izan gara aitzakia momentu oro, eta ez da gure errealitateaz serio hitz egin:  ABEE eta langabezia ilaratan aurrean egon gara; aisialdi eta sozializatzeko aukera gehien murriztu zaigun subjektua gara; neska* gazteak izan gara zaintza-lan prekarizatuenak jasan ditugunak; kulturgintza eta horren baitako gazte sortzaileak izan gara salduen geratu den sektoreetako bat; ikasleok izan gara hezkuntza sistemaren barruan zenbaki soil bat sentitu garenak… 

"Gazteon errealitateaz ez da serio hitz egin"

Lasarte-Oriako lau eragilek bat egin duzue egitasmoarekin. Nola ikusten duzue herriko gazteen egoera?
Ezaugarri asko ikusten dizkiogu Lasarte-Oriako gazteriari: osasunaren aitzakiapean, kontrol soziala asko areagotu da herriko kaleetan, horrek sorrarazten duen beldur eta ezinegonarekin. Egoera asko luzatzen ari da, eta nazkatuta gaude. Gainera, sozializatzeko eta harremantzeko espazio eta aukera guztiak debekatu zaizkigu, horrek sortzen dituen gainbehera psikologiko eta afektiboekin: antsietatea, depresioa... Aurrera begira, ziurgabetasun handiarekin bizi dugu egoera gazteok. Herri mailan, gazteon jarrera oso aipatua izan da, kontuan izan gabe itxialdi garaiko jarrera eredugarria. Adibidez, orduan martxan jarri zen zaintza sarea. Hori gutxi balitz, biltzeko aukera guztiak debekatu zaizkigu eta udaleko espazioak erabiltzea galarazi.

Animatzen den gazte oro gustura sentitzeko espazioa izatea nahi dugu; gune erosoa eta segurua sortu. Horregatik, herriko gazte guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera.