"Irisgarritasuna hobetzeko" lanak laguntzera 150.000 euro bideratuko ditu Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 10a, 12:07
Agustin Valdivia alkatea, Blas de Lezo kaleko igogailu baten alboan.

Lasarte-Oriako Udalak diruz lagunduko ditu "irisgarritasun arazoak" konpontze aldera burutzen diren zenbait instalazio, betiere jabeen komunitateek egindakoak badira, eta ez familia bakarreko etxebizitzek. Igogailuak jarri, arrapalak edo antzeko maldak, portalak egokitu... Horiek dira dirulaguntza lerro horretan jasotzen diren obrak. 150.000 eurokoa izango da aurtengo partida, iazkoa baino 50.000 euro gehiagokoa. "Besteak beste, Basaundi bailara birgaitzeko egitasmoa dugu esku artean, eta bertan bizi diren portal ugarik eskaerak egingo dituztela aurreikusten dugu. Horregatik erabaki dugu diru gehiago bideratzea lerro horretara".

Irisgarritasuna hobetzeko lan horiek 2020 azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra arte gauzatuak izan beharko dute. "Urtea amaitu aurretik ingresatu behar izaten dugu dirua, eta justifikatu". Eskaerak egiteko epea hasiko da Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratzen duenean deialdia. txintxarri-k edizioa itxi duenean, ostegun arratsaldean, oinarriak publikatu gabe zeuden oraindik.

Dirulaguntza lerro horren xede nagusia da komunitateen jabeek izan ditzaketen irisgarritasun arazoak eta oztopoak konpontzen laguntzea. "Beharrezkoa den kasuetan, Udalak zoru publikoa uzten dio komunitateari, adibidez, igogailua etxebizitza blokeen barruan jarri ezin denean".

"Beharrei erantzuten diegu" 

Valdiviak adierazi du igogailuak, arrapalak eta bestelako lan horiek gauzatzeko diru partida osoa ez dela xahutzen normalean, baina "diru dezente" bideratzen duela Udalak mota horretako obretara. "Eskatzen digutenari erantzuten diogu dirulaguntza lerro horrekin; beharrak asetzen ditugu".
Igogailu berria instalatu nahi duen komunitate bakoitzak 10.818 euro jaso ditzake, asko jota. Arrapalak edo maldak jarri nahi dituenak, 1.803 euro. "Beste konponbide batzuk" eskaintzen dituen lan bakoitzak –portalak egokitu behar izatea, esate baterako–, azkenik, 3.606 euro. Valdiviak nabarmendu du Udalaren dirulaguntza hori bateragarria izan daitekeela beste batzuekin.