Kalean, elkarrekin ehuntzeko eguna izango da larunbata

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 19:25

Espazio Publikoan Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatuko da ekainaren 12an, eta herritarrak Zumaburu plazara irtengo dira euren sorkuntza lanak elkarrekin ehundu, eta indarkeria sexistarekin amaitu behar dela aldarrikatzera

Espazio Publikoan Ehuntzeko Nazioarteko Eguna ospatuko da larunbat honetan, ekainaren 12an. Horrela, 30 elkartek baino gehiagok #Puntuetakitto jarriko diote indarkeria sexistari, Euskal Herriko 14 espazio publikotara irten eta elkarrekin ehunduz. Ekitaldi horren berri eman dute asteazken goizean ekimenaren sortzaile Oihana Merino Lalocadelacasak, Lasarte-Oriako hainbat ehuntzaileek eta udalak. Jakinarazi dute larunbatean sortzen dituzten lanak, Astigarragako Matazak indarkeria Sexistaren Kontra erakundeak orain arte osatu duen zazpi kilometroko begiztari erantsiko dizkiotela iragarri du Merinok.

Helburu ezberdinak ditu egitasmoak, hala nola, emakumeek eremu pribatuan landu duten ehuntzearen sorkuntza prozesua espazio publikora ateratzea; ehundutako lanen atzean dagoen jakinduria ezagutaraztea; belaunaldien arteko loturak sortzea; auzo, herri zein hirietako bizilagunen arteko loturak sortzea; eta, adineko pertsonen bakardadearekin amaitzea. 

Horrela, Lasarte-Oriako hitzordua Zumaburu elizako plazan izango dela iragarri dute. Goizeko 11:00etan hasi eta 13:00ak bitarte bertan biltzen direnek elkarrekin ehundu eta matazak sortzeko aukera izango dute. Antolatzaileek dei egin diete herritarrei ekimenean parte hartzera animatu daitezen, jai giro batean, indarkeria sexistarekin amaitu behar dela aldarrikatzera joan daitezela.