Inaxio Oiartzabal Sareko koordinatzailearekin solastu dira lasarteoriatarrak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 15:48

Sare ekimenak 'Ibilian-Ibilian, etxerako bidean' dinamika jarri du martxan Hego Euskal Herrian. Gipuzkoak eman dio hasiera eta abuztuaren 21a bitartean, bi astean behin eskualde bati egokituko zaio ekimenak antolatzea. Horrela, bi astez Buruntzaldeari dagokio ekintzak aurrera eramatea, eta, ekintza horien artean bi, Lasarte-Orian egingo dituzte. Lehena astearte arratsaldean egin dute, eta bigarrena, berriz, ekainaren 17an izango da

Astearte arratsaldean izan da lehena. Lasarte-Oriako Sarek gonbidatuta, Inaxio Oiartzabal Sareko koordinatzaileak Euskal Presoak; nondik gatoz, non gaude eta nora goaz hitzaldi-tertulia egin dute Udal Euskaltegiko hitzaldi aretoan. Ixiar Arteaga Lasarte-Oriako Sareko kideak gidatu du hitzaldia. Hauek izan dira gaiaren inguruan Oiartzabalek mahaigainean jarritako zenbait hausnarketa.

Kontatu du Sare herritarra presoen gaiari irtenbide "integral" bat emateko sortu zela duela zazpi urte, eta "eboluzio handi bat" egin duela ordutik hona. Presoek eta euren senideek jasaten duten  sufrimendua herri baten arazoa dela irudikatzeko beharretik abiatu zirela, eta horri konponbide emateko herritar sare zabal bat lortzeko ahaleginetan aritu direla, eta dabiltzala oraindik ere. Aitortu du ez da lan erraza izaten ari hori; presoen gaiak geroz eta kontsentsu zabalagoa duen arren, oraindik badagoela eragin beharreko jende multzo bat.

Gaur egungo egoerari begira jarrita, azaldu du "oso momentu mobilizatzailean" dagoela gizartea, eta aktibazio horren emaitzak ere iristen ari direla. Horren adibide gisa aipatu ditu azken boladan ematen ari diren gerturatzeak, nahiz eta azpimarratu duen, mugimendu horiek ez direla nahi bezain azkarrak izaten ari, ezta nahi bezain bestekoak ere. Aipatu du baita ere lehen gradua duten presoak bigarren gradura pasatzeak berebiziko garrantzia duela, hor hasten baita, Sareko koordinatzailearen usteaz, etxerako benetako bidea. 

Etorkizunari begira 

Etorkizunari begira jarrita, presoen eskubide minimoak errespetatzea lorpen handia litzatekeela azaldu du Oiartzabalek: "Minimo horiek lortuta etxerako bidea asko erraztuko litzateke". Hitz horiei jarraipena emanaz, gogoan izan ditu 70 urtetik gorako presoak, motxiladun haurrak, larriki gaixorik dauden presoak, edota zigorraren 3/4ak beteta dituztenak. 

Saioa amaitu aurretik, berriz ere mahaigaineratu du eragile sozial, politiko, norbanako eta sindikalek elkarrekin aritzearen beharra. Aipatu du jarraitu behar dutela denek elkarrekin mobilizazio ezberdinak deitzen.

Hitzaldiaren ostean, tertulia eta eskertzak

Oiartzabalek bere hitzaldia amaituta, bertaratutako herritarrei zabaldu zaie galderak egiteko tartea, eta izan da galderak egitera animatu denik ere. Eta amaitu aurretik, Joxemari Agirretxe, Lasarte-Oriako Sare Herritarra dinamikako kideak hartu du hitza. Lehenik Ixiar Arteaga kideari zuzendu dizkio hitz batzuk. Eskerrak eman dizkio saioa dinamizatzeagatik eta hori hala izateko egin duen lanagatik. Oiartzabali zuzendu zaio gero. Oso eskertuta agertu da, eta otar bat oparitu dio herriko taldearen izenean. 

Talde argazkia atera dute ekitaldia amaitzeko. 

Datorren hitzordua

Ibilian-ibilian, etxerako bidean dinamikaren baitan herrian egingo den bigarren ekitaldia datorren ostegunean, ekainaren 17an izango da. Izadi gurasoekin etxera dokumentala ikusteko aukera eskainiko dute, Antonio Mercero aretoan, 18:30ean. Ikus-entzunezkoa amaitu eta gero solasaldia izango dela iragarri dute.