Aitor Manso, Nafarroako Igoeren txapelketan lehian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 15:00
Aitor Manso herritarra 2020 urteko proba batean lehian. Arg.: Aitor Manso

Nafarroako Automobilismo Federazioak mendi igoeren txapelketako denboraldiari hasiera eman dio. Ekainaren 7an, Ibardineko V. igoera jokatu zen, Beran eta Aitor Manso herritarrak parte hartu zuen bertan. Ibilgailu berriarekin lehenen artean izan zen gidari gaztea

Ibardineko V. igoeran parte hartu zuten 49 gidariek ibilbidea lau alditan igotzeko aukera izan zuten eta guztien artetik, Joseba Iraola bizkaitarra izan zen azkarrena, 02:40.480. Hasieratik nagusi izan zen gidaria eta ez zien aurkariei aukerarik eman.

Borroka handia egon zen gainerako postuak lortzeko. Mansok bere azken saiakeran 03:01.631 denbora egin zuen eta horri esker, bere mailako seigarren postua eta sailkapen orokorreko zortzigarrena eskuratu zituen.

Moldatzen

Denboraldi hasiera honetan bi berrikuntza nagusiri egin beharko die aurre herritarrak, ibilgailu eta maila berrira moldatu beharko da.

Lasarte-Oriako gidariak autoa aldatu du. 1.000 zalditako motorra duen BRC B49 ibilgailuarekin lehiatuko da aurten.

Aldaketa horrek maila aldaketa ere dakar eta CM Promozio - 7. klaseko ibilgailuekin neurtuko ditu indarrak Mansok.

Gidari gazteak lehen postuetan egotea du helburu eta ongi erakutsi du egin duen lehen proban. Hala ere, argi du pausoz pauso joan beharko duela.

9 urte kartetan lehiatzen egon ostean, Mansok 2020. urtean errepidera egin zuen jauzia. Iazko denboraldian 100 zaldiko barketa batekin 8. Klasean lehiatu zen eta Euskadiko Mendiko Igoeren txapelketako hirugarren postua eskuratu zuen.