Urdanpilletak Trinketeko txapela jantzi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 12:15
Urdanpilleta, ezkerretik bigarrena, Trinketeko txapelketako garaikurrekin. Arg.: CD Hernani

Maiatzak 22an, Trinketeko kadete mailako txapelketako finala jokatu zen, Iruran. CD Hernani pilota saileko bi bikote izan ziren aurrez aurre, horien artean, Peru Urdanpilleta herritarra

Urdanpilleta aurten CD Hernani taldearekin ari da lehian. Trinketeko txapelketako bikotekako lehiari ekin zion apirilean Unax Manterolarekin batera eta lehen fasea sailkapeneko lehen postuan gaindituta finala jokatu zuen.

Finalean Hernaniko Julen Deskarga eta Manex Martin bikotearen aurkako neurtu zituzten indarrak.

Partida parekatua espero zen arren, Manterola-Urdanpilleta bikoteak partida bikaina egin zuen eta arerioen akatsak ongi baliatu zituen. Ondorioz, 40-19 gailendu zen finalean eta Urdanpilletak txapela jantzi zuen.

Udaberri txapelketa

Txapelketa honetaz gain, Urdanpilletak Haritza Diaz de Gereñu herritarra lagun I. mailako kadeteetako Udaberri txapelketa jokatu du Hernani 1 bikotea osatuz. Maiatzaren 25ean lehiatu zuten lehen faseko azken partida. Lau partidetatik lau galdu ostean, ezin izan dute txapelketan aurrera egin.

Kadeteen II. mailan berriz, ekainaren 5ean jokatu zuten azken jardunaldia.

Intzako Beñat Olazabal eta Pedro Eloseguik Bergarako bikotea izan zuten aurrez aurre etxean. Ederki  borrokatu eta 22-8 garaitu zuten.

Partida honetan eskuratutako puntuekin, guztira 6 lortu dituzte eta euren multzoko hirugarren izan dira, bigarrenetik puntu batera. Azken faserako multzo ezberdinetako bi lehenak sailkatzen direnez txapelketako parte-hartzea amaitu du bikoteak.

Kadete mailako Intza eta Bergarako bikoteak, lehian Udaberri txapelketako partidan.

Intzako I. senior bikotea ere txapelketa horretan lehian zegoen. Tamalez, Mikel Elolak  pairatutako bizkarreko minek bi partidatan huts egitea ekarri zuen eta ondorioz, txapelketatik kanporatua izan zen.

Nahiz eta Intza elkarteko kideek lehiaketarik ez izan hurrengo asteetan, ekainaren 23an amaituko dituzte entrenamenduak eta irailera arte merezitako atsedena izango dute.