Erroibidek urrutiko jaurtiketekin min egin zion Ostadarri

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 9a, 13:30
Ostadar Saskibaloi taldeko III. seniorrak ezin zuen Erroibide garaitu.

Ostadar Saskibaloi saileko III. seniorrak Irungo Erroibide Irun taldearen aurka jokatu zuen etxeko azken neurketa ekainaren 5ean. Partida gogorra aurreikusten zen, Irungo talde gazteak ez baitu partidarik galdu bigarren fasean. Hala ere, Ostadarreko seniorrak prest zeuden erronkari aurre egiteko

Erroibidek hartu zuen aurre lehenengoz. Talde urdin-beltzak ongi erantzun zuen eta arerioaren saskiratze bakoitzeko Ostadarrek erasoan puntuak lortzen zituen.

Irungo taldeak, ordea, partida hautsi zuen bere balioa erakutsiz.  Baloiak lapurtu, eraso luzeak egin eta hiruko hainbat jaurtiketa saskiratu zituen. 10 minututan, 26 puntu egin zituen; Ostadarrek, berriz, 16.

Bigarren laurdenean ere, fin ibili zen arerioa hiruko, zein binako urrutiko jaurtiketan. Ondorioz, bi taldeen arteko tartea handitu zen, 31-51.

Endika Marrahi entrenatzaileak defentsan aldaketak egin zituen partidako bigarren zatiari begira. Irungo taldeak zailtasunak izan zituen erasoan eta hamar puntu besterik ez zituen lortu. Tamalez, III. seniorrak ere ez zuen zorterik izan saskiari begira eta bederatzi puntu besterik ez zituen egin.

Azken laurdenean, garaipena eskuan, Erroibideko jokalariak lasaitu eta etxeko taldeak tartea txikitzeko helburuari ekin zion. 21 puntu egin zituen Ostadarrek  eta 59-69 amaitu zen partida.

Denboraldia amaiera

Bigarren faseko azken partida izan zen larunbatekoa, baina talde urdin-beltzeko III. seniorrak ez du amaitu oraindik denboraldia. Sailkapeneko 3. eta 4. postua zehazteko partida jokatu behar du gaur, ostirala, 20:15etik aurrera Donostiako Mons kiroldegian. Neurketan CD Internacional izango du aurrez aurre.

Partida horretaz gain Ostadar Saskibaloi saileko beste bi partida ere izango dira. 

I. Seniorrak hitzordu garrantzitsua izango du larunbatean, Donostiako Benta Berri kiroldegian, mailako finala. Ander Otaegiren taldeak Luberriren aurka neurtuko ditu indarrak.

Bestalde, Junior errendimendu taldeak atzeratutako norgehiagoka jokatuko du. TAKE taldearekin multzoko 5. postua borrokatuko du talde urdin-beltzak.