Iritsi da UEUk Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen duen IkerGazte kongresuaren IV. edizioa. Gaur hasi, eta ostiralera arte egingo dute kongresua, Ikertzaile euskaldunak ezagutarazi eta euskarazko ikerketa sustatzeko helburuarekin. Bizi ditugun pandemia garaietan, gainera, inoizko grinaz eta ilusioarekin prestatu dute aurtengo edizioa.
Kongresu horretan izango da parte-hartzaile lasarteoriatarrik; bertan izango dira Maider Galardi eta Jon Alkorta herritarrak. Lehenek Euskal gatazk(ar)en ertzetako biolentziak: 80-90eko hamarkadetan senide eta lagunak gatazkaren erdigunean izan dituzten andreen memoriaren eta praktika erresistenteen bilketa feminista bat ahozko aurkezpena egingo du. Aurkezpen horiek ekainaren 10ean izango direla iragarri du UEUk, 12:00etatik 14:30erako ordutegian, eta aldi berean egingo dituzten bost saio paralelotan. Alkortak, berriz, ahozko aurkezpenik ez du egingo, pandemiak ezinezkoa egin baitu jasotako ikerketa guztiak ahoz aurkeztea, eta, horregatik, hainbat ikerketa poster formatuan jaso eta bistaraziko dituzte, Alkortarena kasu.
Hiru eguneko egitarau zabala
Aurrez esan bezala, gaur hasi eta ostiralean amaituko da IkerGazte kongresua. Hiru egunetako egitarau zabala antolatu dute. Gaur, egitasmoari hasiera ematearekin batera, What is feminist research in art history?” hitzaldi gidatua egin dute Middlesex Unibertsitateko Katy Deepwellekin. Horren ostean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Arantza Diaz de Ilarrazak “Hizkuntza teknologiaren bilakaera: IXA taldearen esperientzia. Erabili zientzia gure gizartearen alde" hitzaldia eskaini du. Eguerdian mikroaurkezpenentzako tarte bat zabaldu dute eta arratsaldeko saioen artean, solasaldi bat egingo dute: "“Ezagutzaren dibulgazioa, ahalduntzeko tresna”.
Biharko ere izango dira beste hainbeste hitzordu. Goizeko lehen hitzorduan Telekomunikazio ingeniaria eta Inteligentzia Artifizialeko doktorea den Nuria Oliverrek “Datuen zientziak COVID-19aren aurkako borrokan“ hitzaldia emango du. Ondoren, mikroaurkezpenen tartea Zabalduko dute, eta hori amaituta, eguerdian ahozko aurkezpenen txanda izango da (Bertan arituko da Galardi herritarra). Arratsaldean, berriz, “K++: Koronabirus osteari buruz esandakoei atzera begirada” mahai inguruan parte hartuko dute, eta saio osagarri eta afaritxo batekin amaituko dute.
Ostiralean, kongresuaren azken egunean, Marie Curie doktore osteko ikertzaile bekaduna Stanford University-n, NASA eta EHUko ikertzaile Eneko Axpek “Biomaterial eta material biologikoen propietate fisikoak“ hitzaldia eskainiko du. Mikroaurkezpenentzako tarte bat ere zabalduko dute, eta, eguerdian, sari banaketa eta amaierako ekitaldia egingo dituzte kongresuarekin amaitzeko.