Hitzaldia, dokumentala eta tertuliak, 'Ibilian-ibilian, etxerako bidean' dinamikaren Lasarte-Oriako ekintzak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 8a, 13:42

Lasarte-Oriako Sarek antolatuta, bi ekintza izango dira egunotan herrian. Astearte arratsaldean Euskal Presoak; nondik gatoz, non gaude eta nora goaz hitzaldia izango da, eta, uztailaren 17an, berriz, Izadi gurasoekin etxera dokumentala ikusteko aukera eskainiko dute

Sare ekimenak Ibilian-Ibilian, etxerako bidean dinamika jarri du martxan Hego Euskal Herrian. Gipuzkoak eman dio hasiera eta abuztuaren 21a bitartean, bi astean behin eskualde bati egokituko zaio ekimenak antolatzea. Horrela, bi astez Buruntzaldeari dagokio ekintzak aurrera eramatea, eta, ekintza horien artean bi, Lasarte-Orian egingo dituzte.

Astearte arratsalde honetan izango da lehena. Lasarte-Oriako Sareren eskutik, Inaxio Oiartzabal Sareko koordinatzaileak Euskal Presoak; nondik gatoz, non gaude eta nora goaz hitzaldi-tertulia antolatu du. 18:30ean izango da hitzordua, Udal Euskaltegiko hitzaldi aretoan. Herriko bigarren ekintza, berriz, ekainaren 17an izango da. Kasu horretan, Izadi gurasoekin etxera, dokumentala botako dute. Antonio Mercero aretoan egingo dute, 18:30ean, eta ikus-entzunezkoa amaitu ostean, solasaldia izango dela iragarri dute. 

Abuztuaren 21era arte Gipuzkoan

Herrian egingo diren ekintza horiez gain, uztailean hasi eta abuztuaren 21era bitarte, Euskal Herri osoan zehar antolatuko dituzte beste hainbat eta hainbat ekintza ere. 

Uztailaren 22, 23 eta 24an, esaterako, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak igaroko dituen bizikleta itzulia antolatu dutela jakinarazi du Sarek. 

Bestalde, uztailaren 3an, hiriburuetan aldarri zehatzak barnebilduko dituzten manifestazioak egingo dituzte. Egun horretan, Iruñean izango da mobilizazioa, eta horren atzetik etorriko dira gero beste hiriburuetakoak: abuztuaren 3an Gasteizen, 21ean Donostian eta 27an Bilbon. Ibilian ibilian, etxerako bidean dinamikaren amaiera, Donostian egingo den martxa horrekin amaituko da, nahiz eta, irailean, gipuzkoarrei lekukoa hartuz, Bizkaia, Araba eta Nafarroako dinamikei hasiera emango dieten.