Buruntzaldea IKTko igerilariak, lehen postuetan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 8a, 13:00
Gipuzkoako Openean parte hartu zuten igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilariek bi hitzordu garrantzitsu izan dituzte asteburuan. Lloret de Marren (Herrialde Katalanak), Nahia Zudairek Kluben arteko Absolutu mailako Espainiako Txapelketan parte hartu zuen; Donostian, berriz, IV. Gipuzkoa Open Saria lehiatu zuten taldeko sei igerilarik: Aintzane Sarobe, Unai G. Somovilla, Garazi Etxeberria, Izaro Audikana, Nahia Goenaga eta Nora Imaz. Emaitza ederrak lortu dituzte; guztira, bigarren postu bat, bi brontzezko domina, Espainiako errekor bat eta hamaika marka pertsonal

Kluben arteko Absolutu mailako Espainiako Txapelketan, Zudairek lau proba egin zituen: 50 m. eta 100 m. tximeleta probetan eta estilo libreko 50 m. eta 100 m.  probetan. Buruntzaldea IKTko prestatzaile Borja Apeztegiak nabarmendu duenez, "Zudairek azken aldian lehiaketa askotxo izan ditu eta lehiaketa honetarako bere proba nagusia alde batera uztea erabaki zuen". 

Nahiz eta lehiaketarako prestaketa berezirik ez izan, ederki aritu zen tximeletako probetan. 50 metrokoan bere marka pertsonala berritu zuen, 35,47 eta, horrekin batera, S8 klaseko Espainiako errekor berria ere ezarri zuen. Horrez gain, 100 metroko proban bigarren izan zen (1:24.59).

Estilo librean, berriz, eta 100 m. proban, laugarren izan zen 1:10.38 markarekin eta 50 m. proban 35.09 egin zuen.

Bi podium, Donostian

Bestalde, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan IV. Gipuzkoa Open Sarian lehiatu zen. Txapelketak ekainaren 5ean eta 6an ospatu zen goiz eta arratsaldeko jardunaldiekin, kanporaketa serieak goizetan jokatu ziren eta finalak arratsaldetan.

Buruntzaldea IKTk sei igerilari aurkeztu zituen probara eta markei dagokionez, Unai G. Somovillak egindako lana nabarmendu behar da. Bular estiloko hiru probetan aritu zen (50 m., 100 m. eta 200 m.) eta hiruretan finaletarako sailkatu zen. 

100 m. proban junior mailako podiumera igo zen, brontzezko domina lortu zuen eta 50 m., zein 200 m. probetan marka pertsonalak ondu zituen, 33,67 eta 2:48,61, hurrenez hurren. Lehenarekin gainera 2015etik gainditu gabe zegoen absolutu mailako taldeko errekor berria ezarri zuen.

"Asteburu ona izan zuen Unaik eta hirutik bi marka pertsonal egitea lortu zuen," adierazi du Apeztegiak. 

Somovilla ez zen arratsaldeko finaletan lehiatu zen taldekide bakarra izan. Aintzane Sarobek eta Nora Imazek ere lortu zuten balentria.

Sarobek estilo libreko 50 m. eta 100 m. probetan "oso ondo aritu zen bere marka onenetatik oso gertu lehiatuz". Tximeleta erako 50 metroetan ere ederki ibili zen. Hala ere, Apeztegiak jakitera eman duenez, bizkar estiloko 100 metroko proba izan zen Saroberen hoberena, "100 metroko kronoa 1:09,13an geratu eta marka pertsonala egitea lortu zuen. Proba horren 50 metroko pasean ere marka pertsonala egitea lortu zuen (33,08)".

Estilo libreko proba luzeagoko finaletan izan zen Imaz, 400 m. eta 800 m. libre probetan. Eta azken honetako junior mailan domina eskuratu zuen, brontzezkoa.
100 libreko kanporaketan ere lehiatu zen gaztea. "Imaz berrogeialdi batetik atera berri da eta egun asko entrenatu gabe pasa ondoren proba txukunak egin zituela esan behar dugu," adierazi du igeriketa taldeko prestatzaileak.

Markak ontzen

Nahiz eta finaletarako ez sailkatu, Garazi Etxeberria eta Izaro Audikana asteburuan "oso ondo" lehiatu zirela ere azpimarratu du Apeztegiak. 

Etxeberriak parte hartutako lau probetan marka pertsonal berriak ezarri zituen: 100 m. librean, 1:04,25; 200 librean, 2:26,88; 400 m. librean, 5:01,97 eta 50 m. bular proban 38,85. 

Audikanak ere lortu zuen marka pertsonalik, 50 m. eta 100 m. bular probatan izan zen; lehenengoan 39,09an utzi zuen marka berria eta bigarrenean aldiz, 1:31,43an.

Nahia Goenagak ere "bi proba on" burutu zituen, zoritxarrez kanporatua izan zen. Apeztegiak azaldu duenez, "igerileku luzean aritzen zen lehen aldia zen berarentzat eta horrek jada urduritasun apur bat ekartzen du. Kanporatua izan bazen ere, egindako denborak onak izan ziren, Euskal Herriko Txapelketarako sailkatzeko modukoak eta beraz, arautegiaren inguruko arlo hori zuzendu eta bide beretik jarraitu besterik ez dago".

Asteburu honetan Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan izango da Buruntzaldea IKTko hitzordu nagusia, GIF Marken Kontrola. 

Gipuzkoa osoko 2007. eta 2008. urteetan jaiotako mutikoak eta 2009. urtean jaiotako neskatoak bilduko dira herriko igerilekuan lehiaketa nagusietarako markak lortu nahian. Buruntzaldea IKTko Jurgi Sukunza ere bertan izango da.