Urbil merkataritza zentroak pertxak birziklatzeko sistema bat jarri du martxan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 7a, 16:36

Caritasen laguntzarekin, arropa-pertxak birziklatuko ditu Urbil merkataritza guneak. Kudeaketa "arduratsu eta jasangarrian" lan egiten jarraitu nahi du. 

Merkataritza jardueraren ondorioz Urbil merkataritza zentroak bildutako pertxei bigarren erabilera bat ematea da egitasmoaren helburu nagusia. Caritas elkartearen laguntzarekin eramango du aurrera egitasmoa.

Pertxak birziklatzeko sistema bat jarri dute martxan, Koopera kooperatibarekin batera. irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta Caritas elkarteak bultzatutako gizarte ekimeneko kooperatibek eta gizarteratze enpresek parte hartzen dute bertan. Lankidetza horren helburua da enpresa jardueraren barruan jasangarritasuna sustatzea, merkataritza guneko lokal erabiltzen ez dituzten pertxei bigarren erabilera bat emateko.

Pertxak biltzeko edukiontziak

Pertxak errazago biltzeko Koopera-Caritasek edukiontzi bat jarri du merkataritza gunean. Edukiontzi horiek, Gipuzkoan dauden bost Koopera Storeen artean banatuko dituztela jakinarazi dute, eta, bertatik, gehien behar dutenentzat dohaintzak egingo dituztela azaldu dute. 

Ekimen horrek bat egiten du martxoan Origen-Jatorria Iraunkortasun Proiektua abian jarri zenetik merkataritza guneak garatutako hamabost ekintzekin: "Urbilek, gainera, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak babestuko dituzten beste 50 ekintza bultzatzeko asmo handiko helburu proposatuko du, urtea amaitu aurretik, eta, horrela, zeregin garrantzitsua eta eragin positiboa izango du ingurune naturalean, sozialean eta ekonomikoan". 

Merkataritza zentroak kudeatzaile Leyre Lobatok gaineratu du egitasmoak higiezinen kudeaketa arduratsu eta jasangarriaren jardunbide egokia dakarrela, eta, bereziki pozten du Koopera-Caritas eta inguruko erakunde batekin lankidetzan aritzeak.