Artista batek berezko dohainez gain, gaitasun bat garatzeko teknika irakatsiko dion norbait eta ordu luzetako lana behar izaten du. Brancussiko ikasleek Jose Manuel Monge irakaslearen laguntzarekin lantzen dute marrazteko eta margotzeko zaletasuna. Urtebete eta hamarkada artean daramate ikasten eta esku ona dutela argi ikusten da lanetan.
Erakusketak gaur arratsaldean ireki ditu ateak eta ikusten lehenak, eskolako zenbait ikasleekin batera, Agustin Valdivia alkatea eta Maite Iglesias kultur zinegotzia izan dira. Hala ere, ezohikoa izan da, 18 laguneko muga gainditzeko ezintasuna dela eta, ezin izan baitute ikasle guztiek bertan elkartu eta askaria egin.
Astebetez egongo da ikusgai, hilaren 11 arte, Mercero gunean. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era.