Korapiloekin ehuntzen ikasi dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 4a, 19:59

Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, hasiberrientzako makrame tailerra egin dute arratsaldean Udal Euskaltegiko areto nagusian. 

Soka itxurako hari lodiekin korapiloak eginda nola ehundu ikasi dute. Alazne Alegrek gidatutako saioan parte hartu duten zortzi lagunek . Materiala bertan banatu diete eskuak martxan jarri eta abilezia berri bat ikastera animatu direnei. Bikoteka jarri eta soka zintzilikatu dituzte burdinazko egitura batzuetatik.

Jarraibideak entzun, eta lanari ekin diote. Trebetasunez aritu dira gehienak, eginez ikasten; eta lehenengoz edozertan saiatzean gertatu ohi denez, zenbaitetan korapiloak askatu egin behar izan dituzte.

Bi ordu eta erdi iraun dituen saioak aurrera egin ahala, gorputz jarrera kontuan hartzeko ohartarazi die Alegrek, sorbaldak eta bizkarra nekatzea saihesteko, baita, beharra izanez gero, eserita lan egitea proposatu ere.