COVID-19

Lau kutsatze baieztatu dituzte ostegunean Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 4a, 13:39

Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren hedatzearen inguruko txosten epidemiologikoa ezagutarazi dute. Horren arabera, atzo, lau kutsatze berri erregistratu zituzten Lasarte-Orian, hortaz, ekaineko lehen hiru egunetan zortzi zenbatu dituzte. Eremu horian jarraitzen du herriak; intzidentzia-tasa metatua gaur-gaurkoz 241,53 baita.

Datuak herriz herri xehatuta ematen hasi zirenetik, koronabirusak kutsatutako 1.694 lasarteoriatar atzeman dituzte, ehun biztanletik ia bederatzi (%8,9). Ia denak osatu badira ere, zoritxarre, 23k ezin izan dute osatu eta hil egin dira. Iazko martxotik orain artekoan, azaroa izan da kutsatu gehien zenbatu dituzten hilabetea, zehazki, 275.

Beterri-Buruntza osatzen duten udalerriei dagokienez, 11 kutsatze atzeman dituzte ekainaren 3an: Esan bezala, lau, Lasarte-Orian; hiru, Andoainen eta bina Hernanin nahiz Urnietan. Astigarragan eta Usurbilen, aldiz, ez dute kutsatze berririk gehitu. Eskualdeko sei udalerriek eremu horian jarraitzen dute. 

Euskal Autonomia Erkidegoan 7.864 proba diagnostiko gauzatu zituzten atzo eta haien bidez, 325 positiboak izan ziren. Hortaz, positibotasun tasa %4,1 da. Kutsatze berrietako 118 Gipuzkoan atzeman zituzten, 160, berriz, Bizkaian, eta 44, Araban. COVID-19ak eragindako 32 lagun ospitaleratu zituzten atzo. Horiek batuta, 155 dira Osakidetzako erietxeetan dauden gaixoak, haietako 83, ZIUetan.