Ostadar Boleibol taldeak, bi urteko hazkundea

Txintxarri Aldizkaria 2021ko eka. 4a, 10:30
Ostadar Boleibol senior-junior taldea. Arg.: Ostadar Boleibola

Ostadar Boleibola taldeak hirugarren postuan amaitu du denboraldia. Lehengo astean, sailkapeneko behin behinean bigarren postuan bazeuden ere, Kostkasek irabazitako partidak hirugarren postura eraman du talde urdin-beltza. Hurrengo denboraldira begira senior-junior taldea sendotu eta kadete talde bat sortu nahi du sailak

2019. urtean sortu zen Ostadar Boleibol saila, eta Asier Acuriola entrenatzaileak nabarmendu bezala arlo guztietan hobetu du taldeak. "Denboraldi bikaina egin dugu. Taldearen hazkundea eta mailaren hobekuntza nabarmenak izan dira. Aurreko denboraldian hasi ginen lanean eta hiru garaipen eta lau porrot izan genituen; aurtengoan, berriz, sei irabazi ditugu eta bi galdu.

Taldeak denboraldi osoan bere indargunea mantendu duela jakitera eman du, "gogo, ilusio eta konpromiso handia dute jokalariek entrenamendutetan. Bide hori jarraikiz maila hobetzeaz gain, kirol honetaz gozatu eta besteei kirol honetaz gozaraziko diete".

Hurrengo denboraldian kualitatiboki eta kuantitatiboki hazten jarraitzeko asmoa agertu du Ostadar Boleibol taldeko arduradunak. "Senior talde mantendu eta kadete mailako taldea sortu ahal dela dirudi; hainbat gazte daude hasi nahian."

Deialdia 

Asmo hori egia bihurtu nahian, taldeak bi deialdi antolatu ditu, Maialen Chourraut kiroldegian. 

2005 urtean edo lehenago jaiotakoek ekainaren 7an, arratsaldeko 18:30etik 19:30era  dute hitzordua. 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoek, berriz, ekainaren 11n, 16:30etik 17:30era. 

Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, ostadarboleibola@gmail.com helbide elektronikora edo 661 55 26 86 WhatsApp zenbakira idatzi behar dute herritarrek.