Entrenatzaile taldeari agur ederra eman zion Añorga KKEk

Txintxarri Aldizkaria 2021eko ekainaren 3a

Partidan ederki borrokatu ziren Añorga KKEko jokalariak. Irudian, Ainara Del Olmo herritarra. Arg.: Conchi Sanchez Frail

Maiatzaren 29an, I. Nazionaleko Añorga KKEk denboraldiko azken partida jokatu zuen Logroñoren aurka. Entrenatzaile taldearen azken partida ere bazen eta jokalariek urte hauetan egindako lana ongi eskertu zieten;  3-1 irabazi zuten 

"Berezia" hori da Javi Solchaga I. Nazionalean lehiatu den Añorga KKEren entrenatzaileak maiatzaren 29an jokatu zuen partida definitzeko erabili duen hitza. Añorgak ez zeukaten ezer jokoan, I. Nazionaleko C multzoko laugarren postua ziurtatua zuen. Baina entrenatzaile taldearen azken partida zen. Solchagak eta bere lan taldeak, Julen Ormazabal eta Jon Presa herritarrak barne, duela bi aste jakin arazi zien jokalariei hurrengo denboraldian ez zirela eurekin egongo. Beraz, euren azken partida izan zen Logroñoren aurka jokatu zutena.

"Ilusioz atera ginen bai teknikoak, baita jokalariak ere," aipatu du Solchagak. Eta jokoan nabaritu zen. Lehen minututik erasoan hasi eta saria lortu zuen Añorgak. Izaskun San Anizeto herritarrak Logroñoko atezainaren akats bat baliatuz sartu zuen lehena.

Taldeak garaipena eskaini nahi zion talde teknikoari eta defentsan, zein erasoan lan eta lan egon ziren jokalariak. Horri esker, 21. minutuan, Nora Sarriegiren jaurtiketak atezaina goitik gainditu zuen eta 34. minutuan, Nora Sarriegiren jaurtiketa baten alderatzea ongi baliatu zuen Vanessa Carton kapitainak baloia gurutzatu eta hirugarren gola egiteko.

Logroñok ez zuen amore eman eta bi minutura  burukada bati esker, tartea murriztu zuen.

Bi taldeak golaren bila jarraitu arren, 3 eta 1ekoarekin joan ziren atsedenaldira. 

Bigarren zatia ere borrokatua izan zen, baina markagailuak berdin jarraitu zuen. Añorgako jokalariek, beraz, eguneko helburua lortu zuen, euren entrenatzailei garaipen batekin egindako lana eskertu eta agur esatea.

'Dena eman'

Solchagak bigarren fase honetako irakurketa ona egin du. "Pradejon eta Osasuna genituen taldean eta horiek guk baino puntu gehiago zituzten. Eurek igoera lortzeko motibazio hori zeukaten eta nabaritu da. Hala ere, guk borrokatu dugu. Dena ematen saiatu gara eta aurten ezin izan gara igoerarako sailkatu. Pena da."

2019-2020 denboraldiko igoera fasea ere ekarri du gogora. "Iaz lortutakoa ikaragarria izan zen. Urte arraroa izan zen, hori bai. Baina badakigu kirolean batzuetan irabazten duzula eta besteetan galdu. Dena ematen duzunean, ez dago besterik"

Eta I. nazionaleko taldeak "hurrengo urtean berriro borrokatu eta igoera jokatu ahal izatea" espero duela aitortu du herritarrak.

Izaskun San Anizeto herritarra jaurtiketa bat egiten. Arg.: Conchi Sanchez Frail